Irakasleen aholkularitza zerbitzua da Zarauzko Berritzegunea, eta Urola Kostako VI. Jardunaldiak antolatu dituzte asteotan. Urola Kostako ikastetxeetan eredugarri diren praktika onak erakusteko helburuarekin, gai horietan adituak diren pertsonak eta ikastetxeetan esperientzia horiek aurrera daramatzaten irakasleak gonbidatu dituzte.
Otsailaren 24an Haur Hezkuntzaren inguruan hitz egin zuten eta Zaraguetako langile den Ainhoa Zumetak parte hartu zuen jardunaldian. Herri Eskolan Haur Hezkuntzan duten lan egiteko modua azaldu zuen Zumetak: ikasleek proiektuka egiten dute lan eta ikaskuntza prozesua haurren interesetatik abiatzen da. Proiektuekin lan egiteak haurren arteko harremanak lantzea eragiten du, eta elkarlana, bizikidetza eta errespetua lantzen dituzte horrela.
Berritzeguneak Zaragueta Eskola aukeratu zuen aurreko ikasturtean Partekatuz ikasi proiektuan tutoretza lanak egiteko. Ikastetxe batek beste batzuekin bere lan egiteko modua partekatzea du helburu proiektuak eta, horretarako, tutoretza saioak eskaintzen dizkie Zaraguetak beste lau ikastetxeei.