Zikloa, I.

Rosi Lazkano 2016ko otsailaren 29a

Argazkia: Argia

Doinua: Gogoratuko zara herriko jaietan. Bertso eguna, Donostia. 2016/01/30

1

Zaharrak berri dion
haritik tiraka
gogoa berehala
doa pirrilaka
nahiz denboran txokoan
lotsan hautsak tapa
irripar bat sortzeko
ahalmena dauka.
Nahiz denboran txokoan
lotsan hautsak tapa
bizi-bizirik dago
a(d)itzen dut tik-taka.

2

Nire lehen ipuina
zen kristau dotrina
isilik egon behar
hizkuntz asko baina:
etxekoak euskaraz,
mezetan latina,
Santa Anako mojak
gaztelera fina...
etxekoak euskaraz,
mezetan latina,
eta nexkak eraman
behar mantelina.

3

Txarolezko zapatak
galtzetin zuriak
neska txikiarentzat
momentu handiak.
Egun berezietan
janzteko jantziak
ahizpa zaharragon batzuk
aurrez erantziak.
Egun berezietan
janzteko jantziak
begiratuta garbi
neuzkan belarriak.

4

Astelehen goiza beste
denen desberdina
sukaldea betean
arropa zikina
goiz osoan burrunban
xaboi-ur-makina
lehenengo maindirea
gero galtza urdina.
Goiz osoan burrunban
xaboi-ur-makina
automatikoa zen
amaren ezina.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide