Muntoko aparkalekuaren egoera salatzeko idazten dut gutun hau, 50 bizilagun inguruko komunitate baten izenean. Bi urte baino gehiago daramatzagu aparkaleku horrek sortzen dituen hautsa, zarata eta kutsadura jasaten. Penagarria da etxea hautsez ez betetzeko leihoak itxi behar izatea. Ziur nago, Udalean daudenak hor bizi izango balira konpondua egongo zela dagoeneko, Goiko Kaleko semaforoarekin egin zuten bezala.
Gasaren galdarak eta arropa garbigailuak hegoaldera begira ditugu, hau da, aparkalekura, eta bizilagun batek aldatu egin behar izan du galdara. Txosten teknikoaren arabera, hautsagatik izan da. Garbigailuekin ere antzerako zerbait gertatzeko beldurrez gara. Zer egin behar dugu? Udalari eskatu behar al diogu kalte-ordaina?
Etxeak eta terrazak hautsez betetzen dira, eta ia egunero aritu behar dugu garbitzen. Lotsagarria. Ez dut uste aparkalekuak baldintza minimoak betetzen dituenik, etxebizitzak oso gertu dituelako eta putzuetako urak usaina botatzen duelako.
Aldi baterako jarri zuten martxan aparkalekua, merkatariek eskatuta, baina Udaleko teknikariak ez ziren ados. Gainera, jarraipen bat egin dugu eta ikusi dugu dendak itxita daudenean egoten dela aparkalekua beteta. Bezero gaixoak hor aparkatu behar badute!
Aparkaleku gutxi daudela herrian? 40 metrora beste bat dago, handiagoa, eta askotan hutsik egoten da. TAO ordaindu behar ez denean ere –ia urte osoan– hutsa egoten da. Ez dut ulertzen jendeak hor aparkatzea nahiago izatea, bertan dauden zulo, putzu eta lokatzarekin.
Ekainean Udalean idatzi bat aurkeztu genuen bizilagunok, gure kexa azalduz eta konpontzeko eskatuz. Otsaila iritsi da eta ez dugu erantzunik jaso. Badakigu plenoan landu dela gaia, baina ez dira ados jartzen: “garestiegia dela, landuko dugula...” Garestiak ere badira noizean behin “zuloak konpontzeko” egiten dituzten txapuzak, hauts gehiago sortzen duten materialekin, gainera.
Guztiok dakigu lursail hori etxebizitza sozialak egiteko erabiliko dela, eta badakigu, baita, krisia dela eta proiektu hori asko atzeratuko dela. Bizilagunok Udalak sen ona erabiltzea eskatzen dugu, kontuan izatea beste guztiek bezala zergak ordaintzen dituen komunitate bat dagoela hor, eta beren bizi kalitatea urritzen ari dela. Gai hau konpontzeko egin beharreko guztia egingo dugu, aparkaleku hori itxi edo baldintza onetan jarri behar dela uste baitugu.