Biokimikan doktorea da Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute –Gasteiz, 1974–. Zientzialari gehienen bideari segi eta ikerlari lanetan hasi zen. Ikerkuntza utzi zuen, baina ez zientzia. Elhuyarren hasi zen, zientzia dibulgazioan, kazetari. Urteak eman zituen ikerlariek ikertutakoaren gainean idazten eta Teknopolis saioan horren berri ematen, baina azken bederatzi urteetan lan utzialdian egon da, familia zaintzeko. Duela bi hilabete itzuli da Elhuyarrera.
Lanera bueltatu eta zuzendari postua duzu orain.
Bederatzi urte eman ditut etxean, ibilbide profesionalean eten bat egitea eta familiari tokia ematea erabaki nuen.Urte hauek guztiak horretan inbertitzea erabaki nuen. Eta, orain, erabaki bat hartzea egokitzen zitzaidan. Bueltatzea erabaki nuen, baina ez nuen espero zuzendaritza hartuko nuenik. Erronkak gustatzen zaizkidanez gustura eta pozik hartu dut.
Desberdina al da oso kazetari eta zuzendari lana?
Lan talde txikia denez, kazetari lanak egitea ere egokitu zait. Bederatzi urtean, kazetaritza oro har, asko aldatu da.
Baliabide anitzagoak ditugu eta horretara egokitzen ari naiz.
Dibulgazio kazetaritzan aritu baino lehen, irakasle izan zinen unibertsitatean.
Hezkuntzan ere aldaketa handiak ematen ari dira. Denbora laburra eman nuen irakasle. Hezkuntza asko gustatu arren, unibertsitatean ez nuen nahi nuena aurkitu. Ez nintzen eroso sentitzen adituaren paperean.
Horrek ekarri du, eszedentzian egon naizen bederatzi urteetan, hezkuntzaren beste bide batzuk probatzea. Zingira proiektua sortu genuen eta hor egon naiz buru-belarri urte hauetan. Hor bai aurkitu dudala bilatzen nuena.
Eta zer da bilatzen zenuena?
Berdinetik berdinera kontatzea gauzak, ez izatea bat dakiena eta bestea ez dakiena. Bakoitzak, benetan, gustatzen zaiona ikasi ahal izatea, irakasleak ezarri gabe.
Egungo hezkuntza ereduan irakasleek ikasleekin botere harremana dutela uste duzu?
Botere harremana hezkuntzako estamentu guztietan dagoela uste dut, eta hori da hezkuntzako arazoetako bat.
Ikerketan ere aritu zinen. Zer gustatzen zaizu gehiago, ikertzea ala ikertzaileek ikertutakoaren berri ematea?
Ikerketa bereziki polita da, baina pazientzia handia behar da, motela baita oso. Kazetaritzak, alderantziz, abiadura handia du eta hori gustatu egiten zait.
Niretzat pribilegio bat da, egunero, munduko zientzialariek aurkitu eta esaten dituzten gauzen berri izatea. Oso gauza aberasgarria da zientziak zein norabide hartzen duen ikustea, ikuspegi orokorra ematen baitizu.
Garrantzitsua al da, bada, jakintza zabaltzea?
Ezin dugu utzi bakarrik zientzialarien gain, zientziaren norabidea nondik joango den erabakitzea. Batetik, ez dagokielako; eta, bestetik, denon ardura delako. Gizarteko beste alorretan bezala, hemen ere gizarte mailako ardura daukagu. Eta, horretarako, ezinbestekoa da informazioa izatea.
Diru publikoa ere ikerkuntzara bideratzen delako, ezta?
Bai, horregatik eta erabiltzen diren teknikek-eta potentzial handia dutelako, eta denon artean erabaki behar dugulako nora jo behar dugun.
Zer nolakoa da ikerkuntzaren egoera Euskal Herrian?
Gehiengoa Euskal Herritik kanpo jasotzen dugu, baina Euskal Herrian ere gauza mordoa egiten ari dira. Elhuyarren, adibidez, funtsezkoa da euskal ikertzaileen artean harremanak sortzea eta indartzea, Euskal Herrian bertan kultura zientifikoa sendotzeko modua baita.
Sarritan arrotza egiten zaigu zientzia ulertzea. Zaila al da herritarrei ulergarria izango zaien moduan azaltzea?
Egin beharreko gauza bat zientziari beldurra kentzea da. Aldare batean bezala daukagu eta horrek traba egiten digu zientziara gerturatzeko. Gure aurreiritziak kendu behar ditugu eta zientziak guri zenbat emateko daukana ikusi behar dugu. Zientzia ulertzeko irekita egon behar da eta horretan plazera bilatu behar da, ez beldurrez entzun. Irekita bazaude jasoko duzu.
Denon artean egin beharko dugun ibilbidea da, iristeko momentua gizartean zientzia kulturaren parte izango dena.
Eta, ikerkuntza euskaraz apenas egiteak ere eragina izango du ulerkortasunean, ezta?
Ingelesa gizarteko alor guztietan dago eta horietan ez du trabarik egiten, ez dakit zientzian zergatik egin behar duen... Gainera, gero eta joera handiagoa dago hemengo ikertzaileengan lana dibulgatzekoa.
Hezkuntzak ere alor horretan lan eginez gero, zientzia ulertzeko giltza gehiago izango dituzte gazteek, adibidez.
Umeek naturalki egiten dituzten esperimentuei tokia egin eta esperimentazio libre horiek zientziara gerturatu behar ditugu modu atsegin batean. Kontzeptu zailak azaldu beharrean, egunerokotasunera ekarri.
Aldizkariak zer bide hartzea gustatuko litzaizuke?
Gustatuko litzaidake etorkizunean zientzia gaien inguruko aldizkari gehiago egotea, gutxi izatea zerbaiten adierazgarri baita. Elhuyarri dagokionez, baliabide ekonomiko gehiago nahiko nituzke proiektu eder bat egiteko. Izan ere, hilabetekari izatera pasa behar izan dugu eta gaurkotasun zientifikoarekin lan egiten dugunez hori traba da.