Orioko Mendi Lasterketaren seigarren urtea

Karkara 2016ko mar. 3a, 12:38

Datorren igandean, martxoaren 6an, Orioko Mendi Lasterketa izango da, seigarrenez.

Otsailaren 12rako beteta zegoen Orioko 6. Mendi Lasterketako izen-ematea, urtetik urtera lehenago gertatzen da hori. Datorren igandean, martxoaren 6an, maldan gora eta behera arituko dira hainbat tokitatik etorritako 450 korrikalari, 9:30etik aurrera. 22 kilometro eta 1.100 metroko gora-behera izango dute aurretik.

Orioko Herri Ikastolak antolatzen du eta Zigor Saizarrek, ikastolako zuzendariak, lasterketaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Seigarren aldiz antolatu duzue Mendi Lasterketa. Sendotu egin da dagoeneko, ezta? 

Bai, ez da erreza horrelako lasterketak aurrera ateratzea, baino badu bere ibilbidetxoa eginda. Antolakuntzan boluntarioak gabiltza, eta beste gauzetara dedikatuko ez ditugun orduak ematen dizkiogu antolakuntza lan hauei. Bestalde, urtero aldaketak izan dira ibilbidean. Horren arrazoia mendi-bideak aurkitu ahala, lasterketa edertuko badute, lasterketara gehitzen saiatzen garela da.

450 lasterkarik hartuko dute parte, izena ematea bete egin zen. Horrek poztu egin behar zaituzte...

Bai, lehen urtetik izena ematea bete dugu. Urtetik urtera lehenago gertatzen da hau, eta nahiko txukun ari garela ere esaten digu, nahiz eta beti dagoen zer hobetu.

Lasterkari gehiagok izena emateko aukera, zergatik ez?

Mendi lasterketa batek baditu bere ezaugarriak, errepidean egiten diren lasterketatik oso desberdinak. Hasteko, eta gauzarik inportanteena da hau, lasterkarien segurtasuna dago. Lasterkari batek min hartzen badu, hura dagoen tokira bertaratzea konplikatua izan daiteke. Gero eta lasterkari gehiago, aukera gehiago daude ezbeharrak izateko.

Horrez gain, horniketa puntuak mendian daude, eta bertara 300-400 litro ur, fruta, zereal barrak, mahaiak... eramatea ez da erreza. Orduan eta partaide gehiago, material gehiago eraman behar da. Gustura gaude kopuruarekin, eta ez dugu uste asko handituko dugunik, hala egiten badugu behintzat.

1100 metroko desnibela du lasterketak. Beste mendi lasterketekin alderatuta, gogorra da? 

Ez, 20-25 kilometroko mendi lasterketek 1000-1200 metro inguruko desnibela izan ohi dute. Gure lasterketak duen ezaugarri nagusia gora-behera asko dituela da. Ez dago igoera luze edota mendi alturik, baina etengabe gora eta behera zabiltza, eta hori azkenean gogorra da lasterkariarentzat.

Mendi lasterketetan hasteko ondo dagoela esan zenuen iaz. Horrela al da? Zergatik?

Aurten ez dugu halakorik esan, mendi lasterketa hau gogorregia ez bada ere, bai kilometrotan, bai desnibelean, prestatu beharreko lasterketa bat dela iruditzen zaigulako. Lehen edizioetan 18 kilometro bete behar ziren. 

Dena den, Oriora, ez dira hasiberriak etortzen. Ondo entrenatutako korrikalariek ere hartzen dute parte. Izena hartzen ari da ezta?

Egia esan, lasterketako palmaresa ikusten baduzu, ikaragarrizko lasterkariak pasa dira hemendik, munduko kopan dabiltzan Euskal selekzioko ugari, besteak beste. Baina, egia esan, ez da kezkatzen gaituen zerbait. Guretzat atentzio berdina merezi du irabazleak zein azken postuetan iritsiko zaigun lasterkariak.

Eta ikastolak zer dela eta hartzen du mendi lasterketa bat antolatzeko ardura?

Dakizun bezala, Ikastola herri ekimenez sortutakoa da. Lankidetzan oinarria duen ekimena. Hezkuntza du oinarri nagusia, baina baita herriari itzultzea herriarentzat aberasgarri izango diren hainbat gauza ere: kultura eta kirol ekitaldiak adibidez. Ezin dugu egon zain botere publikoetatik erantzun guztiak jasotzeko. Ezinezkoa da. Herrigintza beharrezkoa da. Bestela, gauza asko ez lirateke antolatuko. Ikastolan lankidetzan sinisten dugu, eta baita herriarekiko dugun konpromisoan.

Ibilbidea bideoan

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide