75 ontzik hartuko dute parte, iaz baina gutxiagok. Kopuru potoloa da, dena den. Uzteko traineru gehiago izango bagenitu, ziurrenik, ontzi gehiago uretaratuko genituzke. Talde asko daude prest etortzeko, baina ez dauzkagu guztiei uzteko adina traineru, azaldu du Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak.
Dena den, azken urteetako kopuruak inoizko handienak dira. Urteroko zita garrantzitsua bilakatu da Oriaren Jaitsiera, egutegi askotan gorriz margotutako eguna. Sendotzen joan da estropada, indartzen. Eta indar horren erakusle dira hogeita bi urte horietako zifrak: 900 ontzi baino gehiago uretaratu dia eta ia 13.000 arraunlarik egin dute arraun errioan.
Partaidetza handia eta kalitatezkoa
22 urte. Aurten beteko ditu 22. Eta edizio honen aurkezpena gaur eguerdian egin dute Orioko udaletxeko udalbatzar aretoan Ibon Huegunek, Joxe Anjel Zaldua alkateak eta Ibon Maza Babyauto enpresako ordezkariak. OAEko presidenteak hartu du hitza. Parte hartzea azpimarratu du. Ikaragarria da. 75 ontzi urtetaratuko dira. Iparraldetik hasi eta Galiziaraino, kantauri isuralde guztiko ontziek hartuko dute parte, baita Mediterraneo itsasoko hainbat klubek ere.
Saikolatik irtengo dira beteranoak, emakumeak eta llagutak. Emakumeen II. Babyauto bandera egongo da jokoan. Gizon absolutuen kategoriakoak Mapiletik aterako dira eta 6000 metroko ibilbidea egin beharko dute. Partaidetza handia eta kalitatezkoa egongo da. San Miguel Ligako ia ontzi guztiek hartuko dute parte, bik salbu, azaldu du Huegunek eta gainertu du talde askok bi ontzi aurkeztuko dituzte, gainera.
Emakumezkoen estropadaren kalitateari ere egin dio erreferentzia: bederatzi ontzi izango dira. Gipuzkoar guztiak etorriko dira. Urte batzuetan Bizkaiak ez du trainerurik atera, baina aurten Deustok osatu du ontzia eta Oriora etorriko dira asteburuan. Cabo ere etorriko da.
Guztiek dute tokia Oriaren Jaitsieran
Lehia bizia espero da, estua. Etxekoek anfitrioi papera izango dute. Dena emango dute, serio hartuko dute estropada eta irabaztera joango dira, argitu du presidenteak.
Baina punta-puntakoez gain, arraunlari guztiek izango dutela estropadan parte hartzeko aukera. Huegunek azaldu duenez talde batzuek bi ontzi aurkezten dituzte, hortaz, udan arraun egiteko aukera gutxi dutenek oraingoan izango dute aukera. Hori beren helburua hasieratik zela azpimarratu du, ahal den guztiek tokia izatea.
Kopuruak, ordea, ez dio muga jartzen kalitateari. Garrantzia handiko estropada da. Neguko testa da klub askorentzat eta talde askorentzat mugarri izateak fidagarritasuna ematen dio jaitsierari. Pasa den larunbatean, esaterako, hamar klubetatik etorri ziren Oriora. Estropada eremua ezagutzera eta baldintza ia berdintsuetan entrenatzera. Horrek guztia esaten du, laburbildu du OAEko bazkide batek.
Boluntario sare zabala bezain sendoa
Huegunek eskatutako laguntzak izandako erantzun ona azpimarratu nahi izan du. Guztira 50 zaleek eman dute goizean goizetik laguntzeko izena. Denen beharra daukagu eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzeagatik.
Boluntarioei eskerrak emateaz gain, Babyauto enpresari ere eman nahi izan dizkio eskerrak Huegunek beren esfortzuagatik. Maza Babyautoko ordezkariak esfortzuak merezi duela erantzun dio: arrauna ardatz duen egun bat ospatzea ona da. Lehiaketak udan izan ohi dira, baina horrelako jaialdiak egitea askoz ere politagoa da. Arraun-komunitatea bultzatzeko paregabea da.
Joxe Anjel Zalduak ere eskertu nahi izan dio Babyautori ematen duen babesa eta kluba laguntzen jarraitzeko eskatu dio. Udalak baliabideak ematen dizkio OAEri, baina beharrezkoa da Babyautoren laguntza.
Arraunaz gain, festa ere bai
Lehia eta jaia, biak uztartzen ditu Oriaren Jaitsierak. Horrek turismoan eta aisian eragin zuzena duela azaldu du Zaldua Orioko alkateak. Mila arraunlari elkartzea Orio bezalako herri txiki batean ikaragarria da. Herriko giroa alaitzen da. Festa giroa jartzeaz Talai Mendi Txaranga arduratuko da. Arratsaldean kalez kale ibiliko dira, festari doinua jartzen.
Festa gogoz kanpotarrak etortzen direla azaldu du Huegunek. Normalean arraunean egitera etortzeaz gain bertako ohiturak eta tradizioak ere ezagutzeko aprobetxatzen baituzte. Sagardotegietara joaten dira asko eta asko. Tabernak ere bi ordu gehiago egongo dira zabalik, estropadaren ondoren arraunzaleak herrian gelditzeko, dio Zalduak.
Arraunaren festa izango da, beraz, larunbatekoa. Errioan ez ezik Orioko kaleetan ere giro paregabea izatea espero baitute antolatzaileek.