4nek, lagunak zaretelako?
Juanpa Agirre: Baietz esan daiteke
Eta noiz erabakitzen duzue lagun talde izateaz gain musika talde izatea?
Agirre: Josebarekin elkartu nintzen batean gure bizitzen inguruan hasi ginen hitz egiten. Orduan, berak proposatu zidan Imanol eta hirurok zerbait egitea. Urteak generamatzan Imanol eta biok elkarrekin jo gabe, nahiz eta lagunak garen. Nik baiezkoa erantzun nion, noski; nork ez luke nahi bi munstro horiekin jo?
Gainera, izandako esperientzia ugarien ondoren, laguntasuna guztiaren gainetik jartzea erabaki genuen, hasiera-hasieratik. Kantuak egiten hasi, Xabi, Boli eta beste bi lagun –munstro– taldera batu, eta egiten genuen horri izena jartzeko premia sentitu genuen. Bat-batean asmatu genuen, 4nek. Zer bestela?
Ez zarete nolanahiko lagunak elkartu: Akelarreko Juanpa eta Xabi, Sorkuneko Boli, Zuek hor saioko Joseba...
Imanol Goikoetxea: Bai. Oraingoan ez gara hainbat taldetako musikariak elkartu. Oraingoan kuadrilla eta aspaldiko lagun batzuk elkartu gara, ederki pasa eta disfrutatzeko.
Eta zu. Aski ezaguna zara herrian Gozategi taldeagatik.
Goikoetxea: Keba. Nire anaia Iñigo bai. Bera eta Axier baitira Gozategi. Baina niretzat ere Orioko herria oso-oso berezia da, bai; txiki-txikitatik ezagutu nuen Orio. Axier, Ainhoa, Ibon... familia guztia eta lagunak...
Lehen hazi horretatik lehen kontzertua ematerako urtebete igaro zen. Urte bat lokalean, sortzen eta entseguak egiten?
Agirre: Gutxi gorabehera. Egin esan nahiko larri ibili ginen eta ibiltzen gara entseguak egiteko. Tarte libreak izateko komeriak izaten ditugu. Hori da gure buruhausterik handiena. Baina, ilusio handiarekin heldu genion proiektuari, geure buruari inongo presiorik jarri gabe. Elkartzen garen guztietan topera aprobetxatzen dugu momentua. Zukua ateratzen diogu.
Bestalde, zorte ikaragarria izan dugu gure aldamenean musu-truk laguntzen aritu diren lagun handiak eduki baititugu: Olatz Aldasoro, Martxen dantzari lesakarra... Berengatik ez balitz, ez dakit non egongo ginatekeen oraindik.
Eta nolakoa izan zen lehen kontzertua?
Agirre: 14 urte genituenean izaten genituen sentsazio berberak izan genituen. Paregabea izan zen. Adrenalina topera genuen, dena eman genuen, gozamen izugarria izan zen. Gainera, jende asko urbildu zen Etxarrira eta harrera ezinhobea izan genuen. Hurrengo kontzertuetan bezala, zorionez. Oso gustura aritu ginen eta talde bezala lehen urrats hori emateak izugarrizko poza eragin zigun.
Ordutik kontzertu gehiago eman dituzue: Iruñean, Lakuntzan... zer nolako harrera izan duzue?
Agirre: Harrera ezinhobea izan dugu kontzertu guztietan. Oso ongi hartu gaituzte. Estilo musikal desberdineko publikoa izan dugu jo dugun bakoitzean, eta, berak esaten digutenez, kantak eta kontzertua –orkorrean– erraz entzutekoak dira. Gozatzekoak. Pop-rock estiloa jorratzen dugu, baina gure kutsu pertsonala ematen diogu, 4nek zigilua izan dezan.
Ostiral honetan Orion izango zareta. Zuretzat, Imanol, berezia izango da Orion jotzea Gozategi ez den talde batekin...
Goikoetxea: Orion jotzea beti da berezia, lagun asko eta onak baititut. Gozategirekin jotzen dugunean oso giro berezia sortzen da...
Gozategirekin plazan, kalean, jo izan duzue. Orain Orioko kultur etxean jotzea egokitzen zaizu, beste formatu batean. Zer sentsazio dituzu kontzetua baino lehen?
Goikoetxea: Formatua, estiloa... guztia da ezberdina. Beste proiektu bat da 4NEK, guztiz ezberdina. Gauza bat dute komunean, abestiak eta melodiak oso politak eta entzuteko errazak direla bietan. Joaten den jendeak asko disfrutatzea espero dut, ederki pasatzea. Gu behintzat gozatzera joaten gara eta horretan saiatuko gara.
Aurrerantzean, zer asmo?
Agirre: Momentuz gure martxa jarraituko dugu: disfrutatu eta ongi pasa. Gure musika ahalik eta jende gehienak ezagutzea gustatuko litzaiguke. Ez dut gehiago eskatzen; beno, bai, proiektu hau ongi ateratzea eta arrakastatsua izatea... Baina badakigu hori oso zaila dela... Hala ere, nork daki [barreak].