Azken fasea hasteko modurik onena

Karkara 2016ko ots. 23a, 11:55

Garaipenarekin ekin dio fase finalari Orioko eskubaloi taldeak.  26-20 irabazi zuten Bera Bera Bat talde donostiarraren kontra, etxean.

Igande goizean hasi zuten Gipuzkoako Txapelketako azken fasea Orioko eskubaloi taldeak. Karela kiroldegian izan zen partidua, etxean. Azken asteetan bezala, oraingoan ere defentsan oso sendo ibili ziren. Azkar iteki zuten tartea, 6-2 emaitza lortu baitzuten berehala. Donostiarrek kontraeraso bidez golak egin zituzten eta huts batzuk ere baliatu zituzten markagailuan hurbiltzeko. Baina, oriotarrek ere aurpegia eman zuten eta atsedenaldira 13-6 emaitzarekin iritsi ziren. Emaitza oso ona, azpimarratu du Garikoitz Garagarza entrenatzaileak.

Bigarren zatiaren hasieran taldeak oso sendo jarraitu zuen. Atzean lan gogorra egin genuen eta erasoan gauza politak erakutsi genituen, azaldu du Garagarzak. Bigarren zatiaren erdialdean hamar puntuko aldea ateratzen zion Oriok Bera Berari, 20-10 emaitza zegoen markagailuan. Dena den, noiz edo noiz, garaipena arriskuan izan zuten oriotarrek. 

Garagarzak partiduko azken gola goraipatu nahi izan du, Maria Zalduak sartutakoa: falta zuzenez eta aurkari guztiak barrera egiten zutela sartu zuen. Gol ikusgarria izan zen. 26-20 emaitzarekin bukatu zen partidua. Fase finala hasteko partidu oso ona egin genuen, dio Garagarzak. Sentsazio honekin jarraitu nahi dugu.

 
Datorren asteburuan Zumaiako Trapaia taldea bisitatuko du. Garagarzak aurreratu digu partidu zaila izango dela oso. Fase honetan maila ona dagoela eta talde honek maila altua duela. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide