Alegiko kultur etxean bildu ziren Gipuzkoako mus jokalariak, tartean Aitor San Sebastian eta Ibai Peña. 119 bikotek hartu zuten parte kanporaketan. Galtzen zuena, etxera; eta lehen 32 sailkatuak, finalera. Martxoaren 5ean jokatuko da final handia Urdiñaben, Zuberoan. Sailkatzeko bikote bakoitzak bi norgehiagoka irabazi behar zituen.
Lehiaren oinarriak ezberdinak ziren oraingoan. Orion 20ko lau usteletara jokatu baitzuten eta Alegian 30 tantoko hiru usteletara. Beldur pixka bat zuten, ea neurri berrira egokituko ziren ala ez. Lehengo urtean Gipuzkoako Txapelketan ez genuen egokitzenjakin izan eta lehen partidan etxera bidali ginduten, azaldu du Peñak. Larunbatean, ordea, gauzak hobeto joan ziren. Egokitzen jakin izan zuten.
Beldurrak gainetik kendu eta lehen bi partidak 3-0 irabaztea lortu zuten. Euskal Herriko txapelketara joatea zuten helburu, eta bi garaipen horiek lasaitasuna eman zieten. Hirugarren partiduan 2-1 atzetik joan eta 2-3 irabaztea lortu zuten. Emaitza horrekin 16 onenen artean sailkatzea lortu genuen.
Laugarren partiduan lehen ustelean hanka sartu zuten, kontzentrazioa galdu eta ustelik egin gabe bukatu zuten. 3-0 galdu zuten. Alegian egindako jokoa eta lortutako emaitza aurretik firmatzeko modukoa dela aitortu du Peñak. Baina behin lehian sartuta, horrela amaitzeak sentsazio gazi-gozoa utzi dietela gaineratu du.