Kiroldegian energia aurrezteko neurriak hartu ditu Udalak

Karkara 2016ko ots. 24a, 09:30

Orioko Udalaren eraikina da kiroldegia. Eta udalarenak diren eraikinen artean gehien kontsumitzen duena da, alde handiarekin. Energia aurrezteko helburuarekin eta gastuak gutxitzeko xedearekin, Sedirec sistema ezarri du Udalak igerilekuan.

Sedirec sistema honen bidez ur beroa hobeto kudeatzeko sistema jarriko dute. Igerilekuaren ur bolumenaren %5a egunero-egunero berritzen da. Hori derrigorrezkoa da legezko osasun baldintzak betetzeko. Ur asko galtzen da berritze lan horretan, baina Sedirec sistemaren bidez, ur beroaren energiaren %97 errekuperatuko da eta ur berria berotzeko erabiliko da. 

Hori egin ahal izateko, argazkian ikusten den makina erosi du Udalak. Aurrerantzean, hilero, gasaren kontsumoan 908€ aurreztuko ditu Udalak. Urtean 10.896€ dira.

Makinaren erosketan 36.140€ gastatu ditu Udalak, BEZik gabe, baina EVEk 9.035€ko diru laguntza eman dio Udalari, instalakuntzarako. Udalak ordaindu behar izan du gainerakoa, baina hiru urteko epean amortizatuko du inbertsioa. Makinak hogei urteko bitiza erabilgarria izango duela aurreikusten da, beraz, behin amortizatuta, hamazazpi urtez erabili ahal izango da.

LED argiak jarri dira kiroldegian

Ur beroarena ez da aldaketa bakarra. Argiak ere aldatu dira Karela kiroldegian. Argi fluoreszente guztiak LED argiengatik ordezkatu dira. Guztira 368 dira aldatu diren argiak eta aldaketa horrek 5.078,60€ko kostua izan du, BEZik gabe. Neurri honekin urteko kontsumoan aurreztuko du Udalak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide