Itziar Urretabizkaia: "Egoera serioak umorez hartu behar dira ahal den heinean"

Karkara 2016ko mar. 3a, 07:24

Antzerkia egin ahal izan du Itziar Urretabizkaiak, etxean eta etxetik kanpo. Orain etxean arituko da, herrian bertan, gizartea hankaz gora jartzen duten gaiei kritika umoretik egiten. Gogotsu dago oholtzara igotzeko.

Oriotik kanpo, askok, Orio Arralderekin lotzen dute. Pentsatzen dut zu askorentzat Lutxi izango zarela...


Egia esan oraindik badago jendea Lutxi deitzen jarraitzen nauena eta asko harritzen nau, urrutiko kontu bat bezala ikusten dudalako. Urte dezente pasa dira Lutxi izateari utzi nionetik, baina jendea oraindik akordatzen bada zerbait ongi egin izanaren seinale izango da!

Zaila al da horrekin haustea eta Lutxi baina gehiago zarela sinistaraztea?

Ui, baina nik eztaukat horrekin hautsi beharrik! Gainera, egongo da jendea beste lanetan ere ikusi nauena baina Itziar deitu ordez Lutxi deitzen jarraitzen didadana. Egia esan ez diot garrantziarik ematen. 

2015arekin batera bukatu zen Goenkale. Pena eman al zizun?

Bai, pena eman zidan diodan kariñoagatik eta, azken finean, Goenkalek zerbait historikoa egin duelako. Euskarazko saio bat hainbeste urtetan hor egotea oso garrantzitsua da, eta eskeintza horrek egon behar duela iruditzen zait. Ea orain hutsune hori nola betetzen duten!

Zuk aspaldi utzi zenuen Goenkale. Antzezten jarraitu zenuen? 

Bai, zorionez antzezten jarraitu ahal izan dut antzerkian, bikoizketan edota beste telebista saioetan. Baina ikasten ere banabil zeren aktore izatetik bakarrik bizitzea oso-oso zaila da. Oraintxe antzerkiaren inguruko master bat ari naiz ikasten Vigoko unibertsitatean. 

Madrilen egoera oso bestelakoa al da? Aukera gehiago dago?

Ez da hain ezberdina, aldatzen den bakarra da lan gehiago dagoenez konpetentzia ere haundiagoa dela. Aktorez jositako hiria da.

Orain Euskal Herrian zabiltza, biran, Datorren urtean hobeto antzezlanarekin. Etxean antzeztuko duzue martxoaren 4an, berezia da herrian antzeztea?

Bai, eta ilusio handia egiten dit! Duela urte batzuk haur antzerki batekin egon nintzen baina helduentzako obra batekin herrian antzezten dudan lehen aldia da.

Emakume klase bat baina gehiago irudikatuko dituzu, ezta? 

Bai, pertsonaia ezberdinak egiten ditugu bai Iraitzek, Ainhoak eta nik. Gaur egungo emakumeak irudikatzen ditugu, publikoa identifikatuta sentitu ohi da horietako askorekin.

Egungo gaiei tiraka ibiliko zarete, orduan: krisia, ihes egiteko gogoa...

Hori da, gaur egungo gaiak jorratzen ditugu eta gai batzuei kritikoki heltzen diegu. Krisiaren inguruan zentratzen da gehien bat, baina emakumeen ikuspegitik. 30 urtetik gorakoen emakumeen ikuspegitik, hain zuzen.

Baina hori guztia umoretik, ezta?

Noski, ondo pasatzeko obra bat da! Gainera, egoera serioak umorez hartu behar dira ahal den heinean! Obra oso azkarra da, gauza asko gertatzen dira eta ikusteko erraza da [barreak]. Badirudi, saltzen ari naizela, ezta?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide