Emakumeen afaria antolatu dute Orioko Xaltxerek

Karkara 2016ko mar. 2a, 11:15

Orioko Xaltxerak

Martxoaren 8an egingo dute afaria Balea Elkartean, Feministorioaren barruan

Emakumeen nazioarteko eguna dela eta, Feministorioa antolatu du Xaltxerak emakume taldeak. Martxoaren 7tik 11ra bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte eta, horien artean, emakumeen afaria egingo dute. Balea Elkartean izango da afaria, eta herriko emakume guztiei zabaldu diote deialdia. Emakumeentzako txokoa eta momentua izango da afaria –diote Xaltxerek–, herriko emakume desberdinak bildu eta eroso egoteko gunea.

20:00etan izango da afaria, Balea Elkartean. Izen-ematea zabalik dago, afarira joan nahi duten emakumeek Kolon Txikin eman beharko dute izena martxoaren 4a baino lehen. Afaria debalde izango da.

Feministorioa, feminismoa lerroburuan

Afaria ez ezik, beste hainbat ekintza antolatu ditu Xaltxerak taldeak emakumeen egunaren harira. Feministorioa izenaren baitan tertulia, zine foruma eta pintxo-potea egingo dituzte.

Martxoaren 7an, astelehenean, herriko saregileekin tertulia egingo dute Kultur Etxean, 19:00etan. Orioko emakume langile historikoak dira saregileak –diote Xaltxerek–, baina inoiz ez dute merezi duten errekonozimendua jaso. Beren lanbideari, egoerari eta istorioei buruz arituko dira berriketan.

Martxoaren 8an, kontzentrazioa egingo dute herriko plazan, 19:00etan. Ondoren, 20:00ak aldera, Balea Elkartean emakumeen afaria egingo dute.

Martxoaren 10ean, ostegunean, zine foruma egongo da. 19:00etan, Angeles de hierro filma proiektatuko dute Kultur Etxean. 1910eko emakume sufragista estatubatuarren historia kontatzen du pelikulak.

Martxoaren 11n, pintxo-pote feminista egingo dute, bertsolari eta trikitilariekin. Kolon Txiki tabernan elkartuko dira 19:00etan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide