Telefono bidezko trafikoa duela bost urte baino 18 aldiz handiagoa da Hekimeneko hedabideetan

Berria 2016ko ots. 18a, 13:58

Hekimeneko hedabide sarearen parte da Tokikom, eta Karkara, Tokikomen parte. Hortaz, neurketa honetako emaitzek Karkarako errealitatea ere islatzen dute. Hamazortzi milioi bisita baino gehiago izan zituzten Hekimeneko webguneek 2015ean. 2011tik %73,4ko igoera izan du Hekimen elkarteko webguneen trafikoak.

Hekimen Euskarazko hedabide ez publikoen elkartea da. Berria, Argia, Elhuyar, Irria aldizkaria, Tokikom... dira Hekimenen parte eta Karkara, Tokikomen parte da. Tokikom tokiko hedabideek osatzen dute. Webguneen trafikoaren azterketa hau Hekimeneko hedabideetan egin dute.

Egundoko hazkundeak izan du azken bost urteotan eskuko telefonoaren erabilerak euskarazko hedabide digitalak irakurtzeko orduan, Hekimen elkarteak jakinarazi dituen datuen arabera. 2011n baino 18 aldiz handiagoa izan da telefonoaren erabilera 2015ean, hedabideen webguneak bisitatzeko orduan.

Oro har, Hekimen elkarteak biltzen dituen euskarazko hedabideen trafikoa nabarmen hazi da azken bost urteotan. 2011n 10.2 miloi saio bildu zituzten euskazko hedabide hauek, eta, 2015an 18,1 milioi –%76,4ko hazkundea–. Beraz, bost urte geroago 7,8 miloi saio gehiago dituzte Hekimen elkartean antolatutako hedabideek. Hazkunde horretatik, zati handiena –5,4 miloi saio–, eskuko telefonoaren erabilerari esker gertatu da. Izan ere, 2011n 316.222 saio izan ziren telefono bidez, eta 2015ean 5.727.381 saio zenbatu dira –% 1.711ko hazkundea–.

Hazkunde hori gizartearen ohitura aldaketen lekuko zuzena da. Smartphone edo telefono adimentsuen zabalkundeak telefonoetara eraman du interneten erabileraren zati handi bat.

Horrek eragin handia izan du hedabideak irakurtzeko moduan, sare sozialen indartzearekin batera. Aldi berean, hedabideak euren eskaintza digitala eskuko telefonoetara egokitzen aritu dira, ohitura aldaketarekin bat eginez.

Datu erlatiboen betaurrekokin begiratuta, erraz ikusten da aldaketaren dimentsioa. 2011n Hekimenen bazkide diren euskarazko hedabide guztien trafiko gehien-gehiena ordenagailuaren bidez sortzen zen: %96,83. Telefono bidez, %3,08 bakarrik, eta tableta bidez, 0,09. Bost urte beranduago, egoera oso bestelakoa da: % 61,3 ordenagailu bidez, %31.6 telefono bidez, eta 7,1 tableta bidez. Urtez urteko hazkunde erritmoa aintzat hartuta, aurreikus daiteke 2016an trafiko mugikorra –telefonoa + tableta–, ordenagailu bidezkoa baino handiagoa izango dela euskarazko hedabideetan.

Telefonoaren erabileraren pisua ez da berdina Hekimen elkarteko hedabide mota guztietan. Adibidez, gaur egun, erabilera handiagoa da tokiko hedabideetan –% 38,29–, orokorretan –%26,33– eta tematikoetan –%20,91– baino. 2015ean, beraz, pisu handiagoa dute gailu mugikorrek tokiko hedabideetan besteetan baino. 

Hekimen elkartea 46 webguneren trafikoa aztertzen ari da, Google Analyticsen datuak erabilita. Era horretara, sektorearen dimentsio digitala neurtu eta joera nagusiak aztertu nahi ditu Hekimenek. Oro har, Hekimeneko webguneen eboluzioa goranzkoa da, eta azkeneko bi urteotan jauzi handia eman da –2014tik 2015era, % 30ko hazkundea saioetan–. Batik bat tokiko hedabideen hazkundearen eraginez, izan ere azken bi urte hautean indartsu heldu baitiote interneteko erronkari. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide