Kokatzeko, zer da ekintzailetasuna?
Ekintzailetasuna orain nahiko ohiko bihurtu den kontzeptu bat da. Guk ekintzailetasuna jarrera bat bezala bizitzen dugu, non benetan interesatzen zaizkigun gaietatik eta gustuko ditugun arloetatik proiektuak abiatzen ditugun. Laburbilduz, gizartean gauza edo jarduera berriak sortzeko ezinegona dela esango nuke.
Ekintzailetasun eskolak jarri dituzue martxan Orioko Herri Ikastolan. Zertan datza?
Hasiera batean ekintzailetasun eskolak deitzearen kontrakoak ginen, baina, azkenean, jendeak horrela ulertzen zuelako izen hori gelditu zaio. Baina gure helburua, batez ere, gaztetatik buruan izaten ditugun etorkizunarekiko beldur horiek kentzea da. Gaztetan gauza batzuetarako gai garela eta beste batzuetarako ez sartzen zaigu buruan, eta errealitatearekin kontaktua izatearen beldur gara, izan ere, non nahi ote gaituzte ez bagara inon inoiz trebatu?
Galdera horiek burutik kentzea da asmoa, gaztetxoek ikus dezaten norberaren baitan dagoela edozer egitea, eta kasu honetan, gure graduko filosofia denez, taldean lan egitera bultzatzen ditugu jarrera eredugarri bati esker taldea lideratzen ikas dezaten.
Ikastetxeetan, orain arte behintzat, horrek ez du tokirik eduki. Beharra ikusi duzue hori gaztetatik ikasteko?
Bai. Gure ikasketa prozesuaren barruan hainbat herrialderekin kontaktua egitea ahalbideratzen zaigu eta honi esker Finlandiar eskola batekin batera proiektu bat egiteko aukera sortu zitzaigun. Eskola honen interesa Euskal Herriko mugimendu kooperatibista hango ikasleei gerturatzea zen, honela, ikasle finlandiar batzuk ekarri genituen eta enpresetara bisitak egitearekin batera proiektuak garatzera bultzatzen genituen. Hemen sortu zen tailer hauek egiteko ideia. Haien jarrera sortzaileak benetan harritu gintuen eta hemengo gazteen jarrerarekin desberdintasunak ateratzen hasi ginen.
Dagoeneko hainbat Ikastolak ikasketa programan hainbat aldaketa egiten diardute eta honen adibidea da Orioko Ikastola.
Zer laguntzen du, bada, hori ikasteak?
Esan bezala, jarrera bat sortzean oinarritzen ditugu tailerrak. Bertan, ikasleek gustuko duten edozer garatu dezakete eta egun jakin batean edo ekintza edo ekitaldi baten antolatzaile izatera bultzatzen ditugu, honela gauzak egin ditzaketela ikus dezaten.
Egungo hezkuntza-sistema hartzen ari den bidea ikusita, erraza izan al da zuen eskaintza onartu duen ikastetxea topatzea?
Bai eta ez. Lehen aipatu bezala, ikastetxez ikastetxe ibili gara Euskal Herrian zehar eta kontzeptua uste baino landuagoa eta ezagunagoa dela konturatu gara, oso berria den arren. Gipuzkoan batez ere, ikastetxe askok aldatu dute sistema eta erronketan edo ekintzailetasunean oinarritzen ari dira. Gure txikitako ikastolak lehen pausuak emateko aukera hau eman zigun eta non hobeto etxeko ikastolan baino? Hala ere, zerbait berria den arren oraindik ere bidea gelditzen da eta horretan laguntzen saiatuko gara.
Lehen eskolak eman dituzue dagoeneko. Ikastolakoen feedbackik jaso al duzue?
Aurreko urtean zerbait antzekoa egiten aritu ginen eta dirudienez ikasleak asko gogoratzen dira horrekin, hala ere, oraingo honek helburu desberdin bat du eta espero dugu esperientzia berentzat ere ondo joan izana.
Ikasleen feedbacka momentuan bertan jaso al izango zenuten, jarrerarekin esaterako. Zer moduz joan ziren lehen eskola horiek?
Aukera polita izan zen guk ere hezkuntza arloarekin lehen kontaktua egiteko. Azkenean, adin honetako ikasleekin lan egiten jakin behar da eta nik uste duk asko abersatu gintuela esperientzia honek.
Zein da zuen asmoa aurrera begira?
Ikastetxe gehiagotan probatu nahi genuke gure programa eta, noski, ikastetxeen feedbacka jaso guk ere hobetu ahal izateko. Baina helburua ikastetxeek honi balioa ikustea da eta ikasleen artean jarrera aktiboago bat bilatzea. Honetan burubelarri jarraituko dugu lanean, aldiro-aldiro hobekuntzak eginez.