Asteburu ona Orioko F.Trentzat

Karkara 2016ko ots. 9a, 14:09

Jokatutako bi partidak irabazi dituzte: ohorezko erregional mailakoek 2-1 irabazi zioten Getariako Ketari eta kadete mailakoek 0-1 Behobiari

Bi partida jokatu dituzte Orioko F.Tko taldeek joan den asteburuan –gainontzekoak atsedenaldia egin dute–, eta biak irabazi dituzte.

Ohorezko erregional mailako taldeak Getariako Keta jaso zuen Mendibeltzen. Ketaren golarekin hasi zen partida, galtzen, baina lehen zatiaren amaiera baino lehen buelta eman eta bi gol sartzea lortu zuten. Bigarren erdian bi jokalari kanporatu zituzten, eta bederatzirekin amaitu zuen partida Oriokok. Hala ere, emaitza mantentzea lortu zuten.

Garaipenarekin azken postutik zertxobait aldentzea lortu du taldeak. Hambosgarren postuan dago orain, hemezortzi punturekin. Hurrengo jardunaldian liderraren aurka jokatuko dute, Tolosaren aurka.

Kadete mailako mutilek igoera faseko seigarren jardunaldia jokatu dute Behobiaren aurka. 0-1 irabazi zuten eta laugarren jarraitzen dute beren multzoan. Igoera lortzeko borrokan jarraitu beharko dute, izan ere, lau talde daude sei puntuko tartean eta bi bakarrik igoko dira zuzenean –hirugarrenak playoffa– jokatuko du. Datorren asteburuan Añorgaren aurka jokatuko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide