Beste garaipen bat gehiago

Karkara 2016ko ots. 2a, 13:09

29-17 emaitzarekin irabazi zuten oriotarrek asteburuko eskubaloi partidua, Bera Beraren kontra. Orain hirugarren postuan daude oriotarrak eta hurrengo partiduan ikusiko da zein postutan bukatzen duten lehen fasea.

Igande goizean Bera Bera taldearen kontra jokatu zuen Orioko eskubaloi taldeak. Hamaikagarren partidua jokatu zuten eta bederatzigarren garaipena lortu zuten neskek. Garaipen honekin hirugarren postuan jarraitzen dute oriotarrek.

Bera Bera sailkapeneko zazpigarren postuan dago. Hortaz, ez zen partidu erraza Oriok zuena. Garikoitz Garagarza entrenatzaileak azaldu duenez, partidua atzean sendo zaudela hasi zuten. Defentsan gogor. Arerioek golak sartzeko aukera gutxi izan zituzten. Baina Orioko neskek ere ez zuten erasoan asmatu. Kosta egin zitzaien jaurtiketa onak egitea. Hala ere, atsedenaldira 13-8 emaitzarekin iritsi ziren. Markagailuan aurretik ziren oriotarrak.

Bigarren zatiaren hasieran, markagailuan 5 goleko aldeari eutsi zioten oriotarrek. Baina lan ona egin zuten defentsan eta kontraerasoetan ere asmatu egin zutenez,  aldea handitzen joan ziren oriotarrak. Azkenean, 29-17 markagailuarekin bukatu zen partidua. 

Hirugarren postuan daude oriotarrak. Lehen faseko azken partidua jokatuko dute 13ko asteburuan, aste honetan ez hurrengoan, Bera Bera Hiru taldearen kontra. Etxetik kanpo jokatuko dute partidua oriotarrek eta jardunaldi horretan erabakiko da zein postutan bukatuko duten lehen fasea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide