Indartsu hasi du Gipuzkoako Areto Futbol ligako bigarren itzulia Alustiza Autobusak Orio taldeak. Etxean jokatu zuten partida larunbatean, Urretxuko Goierri K.E-ren aurka, eta 4-0 irabazi zuten.
Hasieratik hasi ziren irabazten, eta partida ona egin zutela esan dute jokalariek. Atezainaren lana azpimarratzekoa izan zen, denboraldi honetan bigarrenez golik jaso gabe amaitu baitzuen partida. Mirotzen golak Iban Barbak, Lander Sarasolak, Jon Azkuek eta Jokin Sarasolak sartu zituzten.
Urretxuarrak postu bat aurrerago zituzten sailkapenean eta, garaipenarekin, horiei pasatzea lortu dute. Hamargarren daude orain. Bigarren itzulia ongi hasi dutela diote taldekideek, eta datozen bi partidak mailan mantentzeko garrantzitsuak direla. Izan ere, sailkapeneko azkenaren aurka jokatuko dute datorren asteburuan, Teep Samaniego Orixeren aurka, eta azken bigarrenaren aurka hurrengoan.