Bigarren fasera sailkatu da Orioko eskubaloi taldea

Karkara 2016ko urt. 26a, 10:07

Asteburu honetan bi partida jokatu ditu Orioko Herri Ikastolako eskubaloi taldeak. Bata, ohiko ligakoa, eta berdindu egin zuten; bestea abendutik atzeratutakoa, eta irabazi egin zuten.

Larunbatean Bidasoa A taldea izan zuten aurkari. Arerio gogorra. Ligako bigarren postuan baitzeuden irundarrak. Garikoitz Garagarza entrenatzaileetako batek aitortu duenez, partidu gogorra izan zen. Bi taldean defentsan erasoan baino indartsuagoak izan ziren. Horrela zaila izan zen golak sartzea, aitortu du. Atsedenaldira 6-7 emaitzarekin iritsi ziren oriotarrak.

Bigarren zati osoa ere gisa horretan eman zuten, berdinduta. Orioko Ikastola gol bateko edo biko abantailarekin ere izan zen. Bidasoa ez zen partida guztian aurretik jarri. Bukaerara arte borrokatu zuten irundarrek eta azken minutuan berdintzea lortu zuten. Bi taldeek izan genuen berdinketa hausteko aukera, baina, azkenean, 14-14 emaitzarekin bukatu zen partida.

Baldintza zailak izan arren, erraz irabazi zuten igandean

Igandean Arantzazuko Ama Ikastolaren kontra jokatu zuten. Abenduan atzeratutako partidua zen. Guztiz estali gabeko zelaian  jokatu zuten, eta egoera horretan jokatzea zaila izan zela azaldu du Garagarzak. Hala ere, orain arteko defentsa mailari eustea lortu zutela gaineratu du eta atzean egindako lan horri esker, atsedenaldira 4-10 emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian aurrean tartea handitu zuten oriotarrek. Bigarren zatian distantzia pixka bat handitu genuen, aitortu du entrenatzaileak. 9-17 emaitzarekin amaitu zen partida, oriotarren alde.

Matematikoki bigarren fasera sailkatu dira

Asteburuko bi emaitza horiekin Orioko Ikastola ZKE taldeak Gipuzkoako Txapelketako bigarren faserako txartela lortu du. Matematikoki bigarren fase horretara sailkatu da. 

Dena den, oraindik lehen faseko bi partidu falta dira eta horietan ere dena emango dute oriotarrek, azken bi partida horietan erabakiko baita 2., 3. edo 4. postuan sailkatuko diren. Orain bigarrenarekin berdinduta daude puntutan eta laugarren postua puntu bakarrera dute.
 
Hurrengo partidua igandean daukate, urtarrilaren 31n, Karela kiroldegian, goizeko 11:30ean. Bera-Bera Bi taldea hartuko dute etxean.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide