Bi lidertza Gipuzkoako Batel Ligan

Karkara 2016ko urt. 25a, 10:57

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Gipuzkoako batel ligako bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatu dira asteburuan eta infantil eta kadete mutilak lehen postuan daude dagoeneko

Hamabost jardunaldi ditu Gipuzkoako Batel Ligak, eta hiru jokatu dira dagoeneko. Pasa den asteburuan bigarrena eta hirugarrena jokatu zituzten, Donibane Lohitzunen eta Pasai Donibanen, hurrenez hurren.

Donibane Lohitzunen izan zen estropada larunbatean, eta infantil neskak izan ziren arraun egiten lehenak. Laugarren eta zazpigarren egin zuten A eta B ontziek. Kadete nesken A ontziak zilarra lortu zuten, eta B ontziak hamaikagarren egin zuen. Infantil mutilek estropada irabazi zuten; B eta C ontziek hirugarren eta hamabigarren egin zuten, hurrenez hurren.

Kadete mutilen A ontziak ere estropada irabazi zuen Donibane Lohitzunen, eta B ontziak bigarren egin zuen. C eta D batelak hamazazpi eta hemezortzigarren postuetan geratu ziren. Azkenik, jubenil neskek hirugarren egin zuten, eta mutilek laugarren.

Igandeko estropadan, Pasai Donibanen jokatutakoan, emaitzak antzekoak izan ziren. Infantil neskek hirugarren eta zazpigarren egin zuten, eta kadeteek bigarren eta hamabigarren. Infantil mutilek, berriz ere lehen eta hirugarren postuak lortu zituzten, eta C ontziak hamaikagarren egin zuen.

Kadete mutilek ere berriz irabazi zuten estropada, eta B, C eta D ontziak laugarren, hamahirugarren eta hamazazpigarren egin zuten. Jubeniletan, neskek eta mutilek hirugarren egin zuten.

Hiru jardunaldi jokatuta, infantil mutilak eta kadete mutilak sailkapen orokorreko lehen postuan daude, orain arte jokatutako estropada guztiak irabazi baitituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide