Ekintzaile izateko modurik onena pasioa sortzen duten ideia eta trebeziak garatzea dela abiapuntu hartuta, ekintzailetasun eta sormen tailerrak egingo dituzte Orioko Herri Ikastolan. Finlandiako hezkuntza sistema hartu dute eredu Gratxina Lertxundi eta Eñaut Marti ikasle-ohi eta tailerren koordinatzaileek.
Team Academy izeneko komunitate baten metodologiatik edaten du tailerrak eta balore kooperatiboan eta ikaskuntza aktiboan oinarritutako talde ekintzailetza bultzatzea du helburu. Horretarako, erantzukizun pertsonala, sormena, elkarrizketa, komunitatea, talde lana... bezalako elementuak kontuan izatea garrantzitsua da. Baita mundu errealarekiko interakzioa ere: benetako proiektuak lantzen dituzte eta egoera errealekin egiten dute lan.
Ikasleek proiektuak sortuko dituzte, egoera errealetatik abiatuta, eta coach bat izango dute, prozesu hori babestu eta sustatuko duena. Tailerrak LH 6. eta DBH 3. mailakoek egingo dituzte, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren.