Mela-mela eginda, Xixario erretegiaren parean, bizikleta alboan duela malabarismo egiten aurkituko duzu gaur Davide Steri. Malabarista lanetan lortutako dirua jateko erabiltzen du, baita bizikletari konponketak egiteko ere.
Noiz abiatu zinen?
2014ko azaroan, duela urte bete baino gehiago. Hemen –kartela– joan naiz biltzen geltoki guztiak. Normalean, hiri handietan gelditzen naiz, baina gaur, Orion, geldialdia egin behar izan dut.
Zer dela eta?
Gurpila zulatu zait. 30 kilometrotan hiru alditan pasa zait. Konturatu naiz bizikleta-gurpilaren erradio bat puskatu zaidala eta horrek zulatzen didala gurpila. Konpondu egin beharra daukat... Eta, konpondu ahal izateko malabarismoa egiten dut. Honela dirua bildu eta bizikleta kopondu ahal izango dut.
Honela ere lortzen al duzu jatekoa?
Bai. Errekurtso gutxi dauzkat, beraz, malabarismoak egiten ditut dirua biltzeko. Bestela, ezingo nuke aurrera segi.
Nolatan animatu zinen bizikletaz Europa zeharkatzera?
Hori egin nahi nuen. Bizikletaz bidaiatu nahi nuen, herriz herri ibili, ikuspuntu berri batzuk ezagutu, bizimodu ezberdinak... Bidaiatzeko eredu hau ere badagoela erakutsi nahi nuen. Arazorik ez duen bidaiari osasuntsua naiz, eta eredu izatea gustatuko litzaidake. Negar egin nahi nuen, lagundu, lagundua izan...
Eta, laguntza jaso al duzu?
Malabarismoa egiteagatik jendeak lagundu egiten dit, dirua ematen dit. Jatekoa ere ematen didate. Oso eskertua nago horregatik. Horrez gain, bidaiatzeko-estilo antzerako duen jendea ere ezagutu dut. Alemanian bereziki. Han jende askok bidaiatzen du horrela.
Parisko bikote bat ezagutu nuen, munduari bira eman nahi zietenak. Eta Frantziako beste bikote bat Kanadako zeharkaldia egitera zihoana. Jende askok egiten du ibilbide hori. Jende asko ezagutu dut honela bidaiatzen duena, ni baino askoz ere eredugarriagoa dena.
Kartelean jartzen duen moduan, etxetik hasi zenuen bidaia, Italiatik.
Bai. Estonian ibilbidea aldatu behar izan nuen, eguraldiagatik. Hortaz, Europako ipar-kostalderuntz joan nintzen. Polonia, Alemania, Holanda eta Frantzia igaro nituen, hona iritsi arte.
Hemen eguraldi ona egitea ere ez da ohikoena...
Esan zidan euri asko egiten zuela...
Eta gaur euria ari du...
Bai. Ez da erosoena bidaiatzeko, baina moldatzen naiz.