Derbia irabaztea ez zen posible izan

Karkara 2016ko urt. 12a, 12:10

Orioko hiru partidetako bi irabazi ditu. Infantil mutilek eta kadete neskek garaipenak lortu dituzte, eta, junior neskek galdu egin dute. Bestalde, Zarauzko Leihoak taldeak galdu egin zuen.

Hiru talde ditu Oriok saskibaloian. Bata, infantil mutilena. Asteburuan, opor ostean, erraz irabazi zuten partida oriotarrek. 23-60 irabazi zuten Goierri K.E. taldearen kontra, etxetik kanpo. Eta jokatutako partida guztietatik bakarra galduta, zortzitik bat, hamabost puntu dituzte oriotarrek. Eta, puntu horiekin guztiekin, bigarren dira sailkapenean. Arri BKL A da liderra, puntu bat gehiagorekin.

Orioko beste taldea emakumezkoen kadeteena da. Talde honek ere maila ona eman du asteburu honetako partidan, Cafes Aitona Askatuak taldearen kontra. 39-43 irabazi zuten. Partida estua izan zen, baina oriotarrek garaipena lortu zuten. Hirutik bi partida irabazita bost puntu ditu Orioko Ikastola ZKE taldeak eta laugarren postuan daude sailkatuta. Asteburu honetan hirugarren postuan dagoen Soraluzeren aurka jokatuko dute.

Hirugarren eta azken taldea junior neskena da. Hamahiru partida jokatu dituzte guztira ligan. Eta horietatik guztietatik bost irabazi dituzte. Asteburu honetan ezin izan dute seigarren garaipena lortu, 53-44 galdu baitute EASO 99 Balerdi taldearen kontra. Taularen bosgarren postuan daude, 18 punturekin.

Ezin denean, ezin da

Zarauzko Leihoak taldean, EBA ligakoan, Unai Eizagirrek eta Aitzo Eguskitzak jokatzen dute, besteak beste. Horrez gain, Iker Gurrutxaga ere bada taldeko kide. Eta, talde honek, larunbatean, galdu egin zuen Tolosako TAKEren aurka. 

Porrota porrotaren gainean ari dira jasaten Leihoak Zarautz. Asteburua joan eta asteburua etorri lanean gogor dabiltzan arren, emaitzek ez dute laguntzen talde zarauztarra. Tolosarrek lehen unetik erakutsi zuten nondik norakoa izango zen beren jokoa. Zarauztarrak erdi lotan atera ziren kantxara eta segituan abantaila erosoa eskuratu zuten Yon Gonzalezenek. Baina behin baino gehiagotan egin duten bezala, Leihoakeko mutilek berriz ere partidari eusteko gaitasuna zutela erakutsi eta atsedenaldira 3 puntuz behetik joan ziren aldageletara Jon Saez de Ocarizen hiruko baten ondorioz.

Hirugarren laurdenean, ordea, bi taldeak eskas aritu ziren eta 11-5 bukatu zen laurdena. Zarauztarrek ez zuten itxura onik eman, jaurtiketa eroso asko huts egin zituzten eta horrek min handia egin zion jokalarien moralari. Azken laurdenean saiatu arren, berriz ere jaurtiketa ugari huts egin zituzten eta bukaerara 62-45eko emaitzarekin iritsi ziren. Akats txiki ugari egin eta jaurtiketetan fin ez ibili ziren zarauztarrak eta Tolosak ongi aprobetxatu zuten egoera garaipena eskuratzeko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide