Oriokon zinen iaz eta aurten Añorgako taldera egin duzu salto. Nolakoa izanda aldaketa?
Duela pare bat urte, selekzioarekin Donosti Cup-a jokatu nuenean, Añorgako jokalari batzuk ezagutu nituen. Iaz, taldean jendea behar zutela eta, Donosti Cup-a berekin jokatzeko deitu ninduten. Horrela, taldean ondo moldatzen nintzela ikusita, denboraldi honetarako fitxatu nahi nindutela esan zidaten.
Aldaketa handia dago talde batetik bestera?
Bai, maila desberdina da bi taldeetan. Orion jubeniletan edo lurraldekako mailan jokatuko nuen eta Añorgan, berriz, Euskal Ligan jokatzen dut. Gainera, bigarren mailakoekin jokatzeko aukera ere badut. Guztiz desberdina da dena. Azken finean, Orion, taldea jende gutxirekin ateratzen dugu, eta guztiak ez dira hain futbol zaleak. Añorgan guztioi gustatzen zaigu asko futbola eta, taldean egon nahi baduzu, lana egin behar duzu.
Talde oso gaztea duzue.
Bai, gure aurka jokatzen duten beste taldeekin alderatuta ekipo gaztea gara. Gehienak nire adinekoak eta urtebete zaharragoak dira eta zaharrenak 18 urte ditu. Gure taldea teknikoki oso ondo dago baina aurkarien esperientzia eta indarra asko nabaritzen da.
Zure ahizparen aurka jokatzeko aukera izan duzu duela gutxi.
Aurre-denboraldian bigarren mailakoekin Realaren aurka jokatu genuen eta hor izan ginen aurkari lehen aldiz, baina ez genuen zelaian kointziditu. Abenduan Zubietan berriz jokatu genuen elkarren aurka eta, egun horretan, ia partida osoa jokatu genuen biok.
Erreferentea al da zuretzat ahizpa?
Bai, beti izan da. Bioi gustatzen zaigu futbola betidanik eta berak egindako bidea erreferente garrantzitsua da niretzat. Ahizpa Euskal Selekzioarekin, Espainiakoarekin eta Realean ikustea garrantzitsua da niretzat. Bere pausuak jarraitu nahiko nituzke.
Hasi zara bidean, orain zu zara Euskal Selekzioarekin jokatu duena.
18 urtez azpiko selekzioarekin, bai. Urria amaieran hasi ginen entrenatzen eta gabon aurretik Espainiako Txapelketarako lehen sailkapen fasea jokatu genuen. Bi partida izan ziren; 1-1 egin genuen lehenengoan eta 5-0 irabazi bigarrenean. Oso gustura geratu ginen, gure taldean lehenak egin genuen eta. Hala ere beti dago hobetzeko zerbait eta lanean jarraitu behar dugu.
Noiz jokatu zenuen lehenengoz Selekzioarekin?
Duela bi urte, baina partida bakarra jokatu nuen. Orain taldeko parte naiz. Poz handia eman zidan lehen deialdian nire izena ikusteak. Bi urtetan lanean ibili eta lan horrek fruituak eman dituela ikustea ikaragarria da.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna futbolean?
Ez dakit, oraindik gaztea naiz eta ez dakit zer egingo dudan. Baina, egia esan, selekzioarekin, talde berrira joatearekin... pausu bat aurrera egin dudala esan daiteke.