Etxeluzeko teilatua eraberrituko dute, aho batez adostuta

Karkara 2015ko abe. 31a, 09:41

Urteko azken udalbatzarra izan zen atzo. Ez zen jendetsua izan, eta gai guztiak gehiengo absolutuz onartu arren, eztabaida korapilatsuak izan zituzten hainbat puntutan.

Ohi ez bezala, arratsaldeko 16:00etan izan zen atzo udalbatzarra. Udaletxeko atea itxita zegoelako-edo, ez zen herritarrik bertaratu, eta, hortaz, eskari eta galderen tartean ez zen herritarren parte hartzerik izan. Dena den, alderdi politikoen artean piztu zen eztabaida nola galderen txandan, hala aurretik landutakoetan. Halaber, aztertutako zazpi puntuak onartu ziren.

Lehendabizi Juan Vicente Lasa Orioko Udaleko zinegotzi izendatua izan dela adierazten zuen kredentzialaren berri eman zen. Lasak Amaia Dorronsorok utzitako postua beteko du, Dorronsorok karguari uko egin baitio. Guztiek onartu zuten Lasa EH Bildu koalizio politikoko zinegotzi izatea. 

Ondoren, 2015. urtean egindako hiru udalbatzarren bilkuretako akten zirriborroak onartu ziren. Irailaren 29ko, urriaren 27ko eta azaroaren 24ko aktak, hain zuzen. Orain abstenitu egin zen, baina PSE-EE, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu ziren, gehiengo absolutuarekin.

Ondoren, udal aurrekontu propioari dagokion 14/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartu zen, hau gehiengo absolutuarekin.  

Garestia da Arraunetxeko mantenua

Gero, beste kreditu aldaketa bat onartu zuten, 15/2015 zenbakiduna. Arraunetxeko mantenuaren behin betiko partida aipatu zen puntu honetan, besteak beste, eta 9.500 eurokoa dela aipatu zuen idazkariak. PSE-EEko ordezkariak, Ana Priedek, Arraunetxeko fakturen inguruan hitz egin nahi izan zuen. Bere ustetan, horrelako fakturetara ohituta ez dagoelako-edo, baina neurrigabeak dira Arraunetxeko fakturak. Hortaz, gai horri heltzea proposatzen du, mahai gainean jarri, eta horri aurre nola egin lantzea. Izan ere, gainontzean, munstroa orain artea bezala elikatzen jarraituz gero, munstroak jan egingo dietela aipatu zuen. Orain plataformako Jose Angel Iparragirrek batzorde batean biltzeko deialdia eginda zegoela eta bertan behera gelditu zela aipatu zuen. Elkartzeko beharra azpimarratu zuen. Eta, Eugenio Cotadok aitortu zuen bi bider egin zela deialdia baina, ondoren, ez dela batzorderik gauzatu. Teknikariak elkartzeko aukera duenean bilduko direla argitu zuen.

Etxeluzeko teilatua eraberrituko da

Kreditu aldaketa honetan Etxeluzeko obraren behin betiko partida ere aipatu zuen idazkariak. Obraren kostua, guztira, 138.717,97 eurotakoa izango da. Aho batez onartu zen, guztiak ados daude gaztetxea eraberritzearekin. Baina, ados egon arren, Amagoia Iribar EH Bilduko zinegotziaren hitzek eztabaida piztu zuten. Izan ere, Iribarrek gazte mugimendua zoriondu nahi izan zuen hitz hauekin: Gaztetxearen sorrera duela bost urte gazte mugimenduak okupatu zuen Etxeluze eraikina. Erortzear eta ordenantzaz kanpo zegoen orduan. Denok gogoratuko gara zenbat gaztek hartu zuten plaza gaztetxe bat aldarrikatuz. Aurreko legealdian erosi eta kontsolidatu zen, eta, gaur, aho batez onartuko dugunarekin segurtasuna ere bermatuko da. Besterik gabe, esan gazteen lanaren fruitua dela eta zoriondu egin nahi diegu.

Eugenio Cotadok, esandakoaren harira, eraikina okupatua ez zela izan argitu nahi izan zuen, Udalak eraikinaren alokairua ordaintzen baitzuen. Okupazioa ez da behin ere izan, alokatuta egon baita. Okupazio hitza mahai gainean oso ondo geratzen da, baina ordaindu egin du Udalak. Hiru urtean erosita egon da, baina ez da beste ezer egin. 

Emeterio Iribarrek esan du, ziurrenik, okupatu zen egunetik alokatzen hasi ordez hitzarmena egin zen egunetik hasi zirela ordaintzen. Iparragirrek gaineratu du negoziazio horietan alokairuaren kostua eztabaidatu zela, eta adostutako kantitatea atzeraeraginez ordaindu zela argitu du.

Amagoiak argitu nahi izan du ez duela medailak jartzeko asmoarekin esan aurrez esandakoa. Gazteak zoriontzeko, besterik ez. Ez zuela horrelako eztabaidarik piztu nahi, eta are gutxiago, guztiak ados egonda. Alkatea ere bat etorri da horrekin, eta hurrengo gaiari eustea proposatu du.

Ez dute onartu Arkuperen eskaera

Arkupe elkarteak aurkeztutako eskaria, 2006ko martxoaren 28ko bilkuran Muntoko aparkalekuen inguruan hartutako erabakia berrikustea, ez zuten onartu. Orain abstenitu egin zen, baina beste alderdiak ados agertu dira batzorde informatzailean adostutakoarekin.

Azaroaren 30ean, hirigintza eta ingurumen batzordean, berreskuratzeko ofiziozko prozedura ez hastea adostu zuen, udal idazkaritzak emandako txostenaren arrazoiak kontuan hartuta. Era berean, horrek Arkupe Elkartearen eskakizuna ez onartzea ekarriko luke ondorio bezala.

Animalien gaineko hurrengo pausoa udaltzainen esku 

Aldaketa bat egin da, aho batez adostuta, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzan. Hiri barruko bide, gune eta esparru publikoetan, bai eta higiezinen kolektiboetako toki publikoetan txakurrak kontrolatuta eramango dira beren ezaugarrietara egokitutako kate edo uhal bati lotuta, gehienez bi metrokoa. Salbuespena da egin den aldaketa, eta honela dio: salbuespen gisa, arriskutsuak ez diren txakurrak eta erasotzeagatik aurrekari erregistraturik ez dutenak, libreki ibili ahal izango dira Diketik Ortzaika bitarte eta Osasun Etxetik hondartzaraino neguan arratsaldeko 18:30etatik goizeko 10:00etara eta udaran arratsaldeko 19:30tatik goizeko 10:00etara. Aste Santuan, soilik, gaueko 21:00etatik goizeko 6:00etara.

Aldaketa aho batez onartu dute, baina, ondoren, hori guztia bermatzea beren esku ez dagoela aipatu dute. Hau da, udaltzaingoen esku dagoela araua hausten duenari multa jartzea, eta, orain, 2012ko apirilean onartu zen ordenantza plenotik pasa ostean, guztiek araua betetzea eta betez gero multa jartzea espero dute. Honela, behin araua bete ez duenak aurrerantzean beteko duela uste baitute.

Aizpea Ubegun izango da Amagoia Iribarren ordezkoa

Amagoia Iribar Manzisidor zinegotziak (EHBildu) bere karguari uko eginez aurkeztu duen idatziaren berri eman zuen idazkariak. Guztiak ados agertu ziren. Hortaz, aurrerantzean, Aizpea Ubegunek hartuko du Iribarren testigua. Amagoia Iribarrek, bere azken udalbatzarrean, galderen eta eskarien atalean, Goiko Kaleko parke berrian dagoen frontoia arriskutsu dagoela esan nahi izan du. Frontisaren atzealdean koska bat dago, edonor igo daitekeena, eta handik erortzeko arriskua dagoela gaineratu du. 

Bestalde, eskari eta galderen atalean, Gotzon Igoak birziklapen tasaren kartela jartzeko eskatu dio alkateari. Amagoia Iribarrek azaldu du artxibora igo zela, eta handik hartu zuela kartela. Datuak eguneratuta jarri dituzte (%40) eta kartela balkoian zintzilikatzea besterik ez da falta. Alkateak Amagoiaren atzetik bera igo zela azaldu du, eta aipatu ziela Amagoia bizkorrago ibili zela. Kartela balkoian jarriko duela azaldu du.

Eta honela, beste eskaririk ez zegoenez, amaitutzat eman da 2015. urteko azken udalbatzarra.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide