Urteko azken udalbatzarra

Karkara 2015ko abe. 29a, 08:09

Abenduaren 30ean ezohiko bilkura izango da, 16:00etan. Guztira zazpi gai aztertuko dituzte.

Urteko azken udalbatzarra izango da abenduaren 30ean. Ez da ohiko ordutegian izango, goizago izango da, arratsaldeko 16:00etan. Zazpi gai aztertuko dituzte, eta, ondoren, eskari eta galderen tartea zabalduko dute.

Lehenik eta behin, aurreko udalbatzarreko gai bati jarraiki, Juan Vicente Lasa Orioko Udaleko zinegotzi izendatua izan dela adierazten duen kredentzialaren berri emango da. Lasak zinegotzi kargua jabetzan hartuko du, egoki bada, eta Lasa EH Bilduko zinegotzi izango da aurrerantzean. Lasak Amaia Dorronsororen kargua hartuko du, Dorronsorok bere karguari uko egin baitzion.

Ondoren, onartzea egoki bada, hiru udalbatzarren akten zirriborroak onartuko dira: irailaren 29koa, urriaren 27koa eta azaroaren 24koa.

Gero, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 14/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartuko da, horrela adostuz gero. Kreditu aldaketa honen ondoren beste kreditu aldaketa bati helduko diote. Kasu honetan, Udalaren aurrekontu propioari dagokion 15/2015 zenbakidun kredituari.

Honen atzetik, Arkupe Elkaretak aurkeztu duen eskaria aztertuko dute. Arkupek udalbatzarrak 2006ko martxoaren 28ko bilkuran hartutako erabaki bat ofizioz berrikustea eskatzen du.

Ondoren, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzat aldaketa bat egitea aztertuko da. 

Eta, amaitzeko, Amagoia Iribarrek EH Bilduko zinegotzi karguari uko eginez aurkezten duen idatziaren berri emango da. Honen ostean, galderen tartea zabalduko da.

Etxeluzeko teilatuaren konponketa

Udalbatzarrean landuko diren kreditu aldaketetako bat Etxeluze eraikineko teilatuaren konponketari dagokiona da. Kreditu aldaketa onartzen bada, urtarrila hasieran Etxeluzeko teilatuaren konponketa lanak hasiko dira.

Obren prestaketa lanak urtarrilaren 4ko astean zehar burutuko direla aurreikusten da, eta urtarrilaren 11tik aurrera hasiko direla. Lanek 4 aste inguruko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide