Euskadiko selekzioaren lagunarteko partidak Karelan

Karkara 2015ko abe. 25a, 22:06

Larunbat honetan, abenduaren 26an, goizez eta arratsaldez, Euskadiko selekzioak eskubaloi partidak jokatuko ditu, Karela kiroldegian. Hainbat oriotar daude selekzioan, kategoria ezberdinetan.

Urtarrilaren 3tik 8ra, Almerian, Espainiako Txapelketa izango da. Lehiaketa horri begira buru-belarri ari dira entrenatzen Euskadiko eskubaloi jokalariak. Prestaketa horretan hainbat partida jokatu beharko dituzte, eta horietako batzuk larunbat honetan izango dira, goizez eta arratsaldez, Karelan.

Goizean mutilak arituko dira. 9:30ean Euskadiko infantilak arituko dira, etorkizuneko kadete selekzioaren aurka. 11:30ean kadeteen txanda izango da. Hauek etorkizuneko jubenilen selekzioaren kontra jokatu beharko dute. 

Arratsaldean emakumezkoen txanda izango da. 16:00etan kadete neskek etorkizuneko jubenilen kontra jokatuko dute eta, 18:00etan, infantil neskek etorkizuneko kadeteen aurka. Euskadiko kadete nesken selekzioaren entrenatzailea Ander Atorrasagasti oriotarra da, eta, infantil nesken selekzioan Maria Zaldua eta Laida Urbitarte Orioko Ikastolako jokalariak daude. Horrez gain, talde horretako hautatzailea Garikoitz Garagarza da.

Horiez gain, jubenil mutilen selekzioan beste bi oriotar daude: Aitor Atorrasagasti eta Mikel Amilibia. Baina hauen lagunarteko partida Donibanen izango da, larunbat arratsaldean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide