51 urte eraman dituzu mostradore atzean...
Sekula ez dut oporrik izan. Apirilean iritsi zitzaidan jubilatzeko eguna, banekien iritsiko zela; baina, era berean, banekien gaizki pasako nuela. Niretzat kartzelako atea ireki eta beno, Pedro, segi horra esatea bezala. Zer egin ez dakidala sentitzen naiz, horrenbeste urte lanean ibili eta gero aktibitatea etetea ez da erraza. Jendea badabil kalean, bai; baina zu zara trantze horretatik pasa behar duena. Hondartzara joan-etorria egiten dut, Donostia aldera joateko ere esan izan didate egin izan dut; baina, aspertu egiten naiz.
Harategira egunero joateak, ordea, ez zizun batere aspertzen...
Ez. Sekula ez. Gauza bat izan dut ona, inoiz ez naiz gaixotu. Behatza zerratu nuen, eta, gogoz kontra, 15 egun pasa behar izan nituen lanera joan gabe. Orduan ere alta boluntarioa hartu nuen, asko aspertzen bainitzen behatza paseatzen.
Eta zer da, bada, harategiak ematen zizun hori?
Aktibitatea. Komunikazioa galdu dut, asko, harategian ez nagoenetik. Eguneroko komunikazioa genuen harategian, gizon publikoak baikinen. Erlazio asko genuen batekin eta bestearekin, eta, horrenbeste urte pasa eta gero, ia denekin nuen harremana.
Zenbat urte igaro dituzue, orotara, harategiarekin?
116, guztira. Salsamenditarrok. Ni hirugarrena izan naiz soka horretan. Nire aitona hasi zen 1899n; gero, amak hartu zuen; eta, gero, ni. Orain amaitu egin da hori.
Pena eman dizu negozioarekin jarraitzeko seniderik animatu ez izanak?
Normala da. Nik galdetu nien, baina normala da. Nik txikitatik jaso nuen hori. Nik mataderia eta harategia ezagutu nituen jaiotzetik. Berak, ordea, ez. Usain hori gazte-gaztetatik ez baduzu hartzen normala da beste gauza batzuk egin nahi izatea. Toki askotan gertatu da hori. Niri ez nau sorpresaz hartu. Hobe horrela gogoz kontra hastea baino. Askoz hobea da egia esatea eta nahi duten hori egitea.
Atzo San Tomas eguna izan zen. Orion ospatzen ez den arren, oriotarrek ospatzen al dute?
Nahiz eta herrian ez ospatu, egun bat gehiago izan Orion, jendeari gustatzen zaio fabriketara eta bulegoetara txistorra eramatea. Gauza horiek oriotarrei gustatzen zaizkie. Guk, esaterako, egun horretan txistorra gehiago egiten genuen, jende gehiago etortzen baitzen bila.
Horrez gain, jendeari asko gustatzen zaio harategira joan eta txorizo muturra jatea. Gizendu egiten du, baina asko gustatzen zaie. Eta guk, maitasun osoarekin banatzen genuen. Nahi adina jan, horretarako jartzen baikenuen. Baina ez zen inor pasatzen, gehienez bi jaten zituzten, tertulian egonez gero.
Gustura hartzen zuen, hortaz, jendeak banatzea?
Bai, eta nik uste dut inguruko herrietan –Zarautzen, Donostian– ordaindu egin behar delako dela. Orion debalde ematen da egun horretan, eskatu gabe, baina beste herrietan ez dute ematen ordaintzen ez baduzu. Erosi egin behar da. Orion ez.
Lehen labean erretzen genuen. Nekeza egiten zen. Hoztuz gero ez baitzuten balio. Azken urteetan su txiki bat eramaten genuen, kanpinetara eramaten den horietakoa, eta hor egosten genuen. Horrela primeran, beroa mantentzen baitzen.
Aurten ez zara mostradorean txorizoa banatzen izango.
Pena handia ematen dit jubilatu izanak. Faltan sumatzen dut. Urrian amaitu nuen eta ordutik jai dut, egunero eta betiko. Sekula ez det jakin besterik egiten. Ez dut sekula zaletasunik izan. Motoan ibiltzea gustatzen zitzaidan, baina pare bat eskapada egin nituenez, hirugarren oportunitatea ez diot emango. Pena handia daukat.