Pasa dira zazpi udazken Arkupekoekin eta Txurrumuskikoekin lehenengo bilerak egiten hasi ginela. Izan ere, Arkupekoei zor genien Olentzerok herrian presentzia izatea. Haien meritua zen jentil ikazkina Gabon-gauero gure herri horira etortzea. Horregatik erabaki genuen, merkatariengana hurbiltzea.
Festa borobiltzea zen hasierako enkontru haien asmoa. Olentzerorekin batera Mari Domingik ere plazan presentzia izatea. Bide batez, joaldunei, sorginei eta neguko solstizioan agertu zitezkeen gure mitologiako beste pertsonaiei lekua ematea. Eta pertsonaia guztiei magia piska bat ematea, misterio punttu bat. Eta horretan hasi ginen, Arkupekoei eta Txurrumuskikoei ideia gustatu, eta, lankidetzan, elkarrekin.
Eta lehenengo bi urteak hala eman genituen, trikili-trakala. Olentzerorekin batera plazako txapelaren azpiko txabolan izan zen Mari Domingi. Haurrek eskutitzak eman ondoren agertu ziren joaldunak eta sorginak. Modu xumean, baina aldaketa txikia egin genuen. Pozik geratu ginen.
Hirugarren urtean, ordea, etorri zen benetako aldaketa. Antolaketarako jende gehiago animatu zitzaigun eta pertsonaia gehiago festan sartzea erabaki genuen. Tartean ziren aurreko urteetakoez gain Mari, Basajaun, Otxoteko gizonak, artzainak, galtzagorriak, idiak, astoak, zaldiak, untxiak… Emaitzarekin oso gustura geratu ginen. Buruan genuen irudi hura gauzatua ikusi genuen. Otsagabian, Donostiako Antiguan eta beste hainbat tokitako irudi haiek gurera eta gure erara ekarri genituen.
Laugarren urtean Ostargikoen txokoan sorginentzat txapelak egin genituen. Emakumeak aritu ginen, heldu eta gazte, txapelak itxuratu eta josten. Batzuk gaijartzaile lana gehiago ezin zuten, joste lana baino baina… –kar, kar, kar, kar–. Mariri ere lera moldatu genion. Lera baita Mari gure Jainkosaren tronua. Eta urteroko karteletatik logoak kendu genituen. Gure festa elkarteena, eragileena baino, herritarrona bihurtu baitzen. Ustekabean eman zen bilakaera izan zen azkenengo hori. Benetako intentziorik gabe jende anitza, ezberdina, elkartu ginen helburu berarekin.
Eta hala eman ditugu beste bi Gabon, aipatu moduan. Eta udazkenak aurrera, aurtengoa izango dugu zazpigarrena. Eta pertsonaia berria izango dugu gurekin: basanderea. Eta agertuko gara herrian, izango gara plazako jendartean eta desagertuko gara Gabon-gauaren iluntasunean. Herritar anitzak, herritar asko helburu berarekin: euskal pertsonaiak Gabon-gauean Oriora ekartzea. Herritar langileak, borondatezkoak oso, eta aurten ere beharko ditugunak. Aurtengo udazkena ere joan da eta negua iritsiko zaigu solstizioarekin batera. Gau luzea kalean ospatuko dugu bihotz-bihotzez maite dugun festa eginda. Gurekin gozatu nahi? Badakizu nor garen, etorri eta goazen elkarrekin trikili-trakala!