Herritik gerriarentzat

Zigor Esoain 2015ko abe. 21a, 11:02

Argi eta garbi ikusiko duzu txin-txin hotsak mirotzaren orroa isilarazi duela. Baina lasai, ez larritu, ez da ezer berria-eta. Dirua sortu zen egun berean egin zuen gizakiarenak.

Gure herrian, mirotz leinuan, herritar gehienak oso harro daude beren lehen arnasa bertan eman izanaz. Indar eta orgullo handiz oihukatzen dute Aupa Orio! lau haizetara. Hainbestekoa da fideltasuna, mirotza hegorik gabe gera ez dadin batzuk azken arnasa emateko prest egongo liratekeela.

Baina, halakoetan ohikoa den legez, txakur zaunkariari koska egitea kosta egiten zaio. Zoritxarrez, ekintzez demostratu behar denean, gehienen hitzak haizeak eramaten ditu. Tamalez, bost minutu lehenago muturreraino zeramaten herritartasuna hitz polit batean, trapu zahar batean bihurtzen da benetako momentua iristean. 

Bai, halaxe da, eta ez bazaude ados, nik ez, sanikolasetan burututako ekintzen aurrekontuak emango dizu zaplaztekoa. Aurreko Karkararen orri batean dago zehatz azaldua, bertan ikus dezakezu, poligrafoaren beharrik gabe, diodana ez dela asmatua. Argi eta garbi ikusiko duzu txin-txin hotsak mirotzaren orroa isilarazi duela. Baina lasai, ez larritu, ez da ezer berria­-eta. Dirua sortu zen egun berean egin zuen gizakiarenak, baita Nikolas Santuaren jaiak ere, hiltzaile beraren atzaparretan hil ziren duela urte batzuk.

Zorionez, sinesgaitza dirudien arren, baditugu herrian material terrorista horri aurre egitea lortu zuten jai ereduak; besteak beste, Gazte Festak eta Goiko Kaleko Festak dira beldurraren izurrite horri hortzak erakutsi dizkiotenak. Ilusioz, irudimenez, auzolanez, elkartasunez, sormenez eta sosik gabe plaza betetzea posible dela erakutsi digute jai parekide   eta   parte   hartzaile   horiek.   Herritik   eta   herriarentzat   eginez   eta   ez   herritik gerriarentzat. 

Eta sosak banatzea erabakitzen bada herriko eragileen gasolina gastuak ordaintzeko, ez ahaztu denak berdinak garela Nikolasen aurrean, artista eta boluntario bataiatzeko mugak zehazten dituen esku­liburua atera bitartean behintzat. Ez baita justua, ez baita berdina, herri bizia izatea eta herritik bizitzea. Honi ez bazaio muga jartzen, martxa honetan, gaupaseroak ere 50 euroko billete eske jarriko dira beren tragoetarako eta gaiztakerietarako dirulaguntzak eskatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide