Ama tolosar kalekumea eta aita ibartar peto-petoa ditut; eta ni, sanbartolometan salbu, tolosar-tolosarra naiz. Lehorrekoa. De la antigua capital. Inguruko herrietan landatzen diren baina Tolosa izena duten babarrunen gotorlekuko alaba, Inauterizale Kuttuna, Gipuzkoako bilbainoeneakoa, ezer gutxi dakien todolosabekoa, estribor eta ababor zer den inor gutxik jakin baina arraun kluba duen herrikoa, gurasoak gazte ziren garaian Oria ibaitik Oriora aparra bidaltzen zuen papeleroen gremiokoa, kanpinero askoren jaioterrikoa.
Hondartzara hanketako hondarra kentzeko toalla txikia eramaten dutenetakoa, parranda txankletetan sekula egiten ez duen klanekoa, eguzkitako krema litroka eman arren egun lainotsuetan kresalarekin gorri- gorri eginda erretzen den horietakoa, kuadrillak ghetto ez-intergenerazionalak eta ezagunak ia ezezagun kontsideratzen diren eskolakoa, herritar guztiei herritarrak izate hutsagatik kaso egiten ez dien horietakoa.
Eta, zuentzat, oriotarrontzat, kanpokoa. Betirako kanpotarra. Baina, tira, ezin uka etxetik kanpo etxean bezala sentiarazi nauzuela askok, etxeko sentitzeraino. Ea laster nongotarra? galdetu beharrean zuentzat kanpotarra naizen. Edo Tolosakoa. Edo erdi oriotartutako tolosarra. Edo, hobe, Karkarakoa. Edo Olatz. Edo, nahiago baduzue, Oli.