Errenteriako loiditarrak: OriOrereta

Karkara 2015ko abe. 21a, 10:00

XX. mendearen hasieran Oriotik Errenteriara joandako bi familiak, loiditarrenak eta lizasotarrenak, arrasto sakona utzi zuten hango gizartean. Florentino Loidi hango alkate izatera iritsi zen gerra garaian. Haien historia ekarri dugu erreportaje honetara.

Orio eta Errenteriako herritarren artean joan-etorri asko izan dira azken urteotan. Baina bi herrien arteko harremanak ez dira azken urteotakoak soilik. XX. mendearen hasieran Oriotik Errenteriara bizitzera joandako gizon baten eta haren familiaren historia ekarri nahi izan dugu erreportaje honen bidez, Errenteriako gizartean arrasto sakona utzi zuten gizon batzuen historia: Florentino Loidi eta haren seme Jose Antonio, eta Felipe eta Alejandro Lizaso anaiena, 1936ko gerrak  izugarri astindutako familia.

Florentino Errenteriako alkate izan zen, 1936an. Mikel Zabaleta Errenteriako historialariak liburu bat idatzi zuen Florentino Loidiren bizitza kontatzen zuena: De los Olaciregui a los Loidi: una familia de Renteria entre dos exilios: 1834 y 1936. Liburuak dakarren informazioan oinarritu gara erreportajea osatzeko.

Florentino Loidi Iturzaeta

Florentino Orion jaio zen 1885eko ekainaren 20an, zortzi senideko familia batean. Gurasoak ere oriotarrak zituen: Antonio Maria Loidi Alkorta eta Maria Josefa Iturzaeta Alkorta.

Aita Antonio errementaria zen, baina sagardoa saltzen ere ibiltzen zen. Florentinoren arreba Angelak esaten duenez, aita bigarren karlistaldian ibili zen, Don Carlosen aldeko soldadu. Baina gerra haren bukaera aldean oso egoera bitxia gertatu zitzaion Antonio Loidiri, gerora seme-alabei onura ekarri zien ustekabeko egoera xelebre bat: badirudi Igeldo aldean zirela, borrokan, Loidi eta haren burkide batzuk liberalen bandora pasatu beharrean egokitu ziren, errenditu zirelako edota ustekabean gerra frontearen beste aldean egokitu zirelako, baina gerra bukatu arte etsaien aldean segitu zuten. Gerra karlistekin hasi eta liberalekin bukatu zuen. Gerra bukatuta, Loidi irabazleetako soldadutzat jo zuten eta horri esker bere semeek ez zuten hurrengo gerrara soldadu joan beharrik izan, Afrikakora.

Florentino Loidik Bartzelona eta Gasteizko escuela de artes y oficios eskolan ikasi zuen, tallista, eskultore eta marrazkilari lanbidea. Badirudi Gasteizen ezagutu zuela gero emazte izango zuena. 1911n Errenteriako udal maistra Ana Bizkarrondorekin ezkondu zen Hondarribiko Guadalupeko santutegian. Ezkontza Florentinoren anaia Jose Joakin Loidik gauzatu zuen, orduan Laurgaingo apaiza zenak. Ana emaztea Indalezio Bizkorrondo Bilintxen senidea zen. Lau seme-alaba izan zituzten, baina bik bakarrik egin zuten aurrera: Angela eta Jose Antonio bixkiek.

1913an ebanisteriako fabrika ireki zuen Errenterian. Bere garairik onenean 60 langile izatera iritsi zen eta kalitate handiko altzariak egin zituen 1932an itxi zuen bitartean. Fabrikako langile gehienak nazionalistak ziren, abertzaleak, eta 1919an Errenterian Solidaridad de Obreros Vascos -oraingo ELA– sindikatuaren herriko atala sortu zenean langileak bertan sindikatu ziren.

Florentino abertzalea zen, EAJko kide, 1922ko otsailean Errenteriako udaleko zinegotzi izan zen lehenengo aldiz. 1931n, Errepublika ezarri zenean, alkateorde izendatu zuten. Sociedad Orereta etxea alokairuan hartu zuen, EAJk batzokitzat erabiltzeko, eta zenbait urtez bertako buru izan zen.

1936an Errenteriako Udaleko alkateordea zen, EAJko zinegotzi. Gerra hasi zenean, haren emazte eta seme-alabak Oriora joan ziren; han babestu ziren. Florentinok Errenterian segitu zuen. Irailaren 12an Bilbo aldera jo zuen, frankistak sartu aurretik. Ihesaldian Oriotik pasatu zen, familia agurtzeko. Han zegoela, 1937ko apirilaren 1ean Eusko Jaurlaritzak Errenteriako udalbatzako kideak kargugabetu eta ordezkari berriak izendatu zituen: Florentino Loidi, alkate.

Florentinoren lehengusina bat, Koro Loidi, Jesus Mari Leizaolarekin ezkondu zen; gerora, 1960ean Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zenean, lehendakari bihurtu zen gizonarekin. Fabian Loidi Peña –1909-1985–, Orioko apaiz poeta, iloba zuen, lehengusu baten semea. Fabianek, 1934an Zarautzen ospatu zen V. Eusko-Olerti egunean, Orioko Umezurtza poemarekin lehen saria irabazi zuen. Gerran ibili eta gero, Igeldoko apaiza izan zen urte askoan.

Florentinoren bi adiskide, Errenterian geratu zirenak, fusilatu egin zituzten, Gerbasio Albisu apaiza eta Migel Irastorza maisua. Loiditarren familiari Errenteriako ondasun guztiak konfiskatu zizkieten eta Ana Bizkarrondori udal maistra kargua kendu. Florentino 1941eko urte bukaera arte Iparraldeko atzerrian egon zen. Itzuli zenean, ordurako gaixorik, Irunen jarri zen bizitzen, Jose Antonio semearen etxean. 1945ean hil zen Agurainen, pneumoniak jota.

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo: Florentinoren semea

Florentino Loidiren emazte Ana Bizkarrondok lau seme-alaba izan zituen. Haietatik bi atera ziren aurrera: Angela eta Jose Antonio bixkiak. Hauek 1916ko abuztuaren 22an jaio ziren Errenterian.

Jose Antoniok gerra garaia Orion pasatu zuen, aitaren familiaren etxean. Gerra bukatuta, Madril eta Santiago de Compostelako fakultateetan farmazia-ikasketak burutu ostean, 1942an eskuratu zuen titulua. 1943tik aurrera farmazialari titular aritu zen Irunen. Gero, Madrileko Unibertsitatean Optika eta Akustika ikasketak egin zituen –1957–.

Gipuzkoako Farmazialarien Kooperatibako lehen zuzendari-batzordeko kide eta bazkide sortzaile izan zen. Farmazialarien Elkargo Ofizialak saria eman zion hidrologiari buruz egindako lanengatik: Posible aprovechamiento del agua del río Bidasoa para el abastecimiento de las ciudades de Irún y Fuenterrabía, Algunos aspectos sanitarios de las ciudades de Irún y Fuenterrabía eta Caminos de Santiago de Guipúzcoa. Euskaraz egin zuen Farmakofitonimia –1982– lanari esker Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialak saria eman zion. Drogei, alkoholismoari, tabakoari eta osasun-ikuskapenari buruzko hitzaldiak eman zituen. UZEIko Biologia arloan kolaboratu zuen fitonimiari buruzko datuekin.

Iruneko ikastolaren sorreran kolaboratu zuen. Gerra zibilaren ostean ospatu zen lehenengo euskal jaialdia berak antolatu zuen Irunen –1966–. 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta Euskaltzaindiak antolatutako literatura-lehiaketa askotan epaimahaikide ere izan zen. Baiona, Arantzazu eta Bergarako bilkuretan izan zen –Hizkuntza batzordeko partaide–.

1955ean, Amabost egun Urgainen liburua argitaratu zuen eta bultzada nabarmena eman zion euskarazko narrazioari, izan ere, ordura arte euskaraz idatzitako lehen polizia-eleberria zen hura –inprentan 7 edizio izan dituena–, gerora, 1961ean katalanerara itzuli zena, eta baita frantsesera, ingelesera eta gaztelaniara ere. Euskaltzaindiaren ohorezko aipamena eta merkatuan arrakasta bikaina eskuratu zituen. 1980ko hamarkadan irrati-nobela ere bihurtu zen Loidiren nobela.

1999an 9an hil zen Irunen. Orduan, berak beste batzuekin sortutako Luis de Uranzu kultur elkarteko ohorezko presidente zen. Gaur egun Irungo kale batek haren izena du.

Angela Loidi

Jose Antonioren arrebak 99 urte ditu, 2016ko abuztuaren 22an beteko ditu 100. Angelaren bidez lortu zuen Mikel Zabaleta historialari errenteriarrak libururako informazio guztia eta haren bidez eskuratu ditugu guk Karkarako erreportajean erabilitako argazkiak. 2012an Errenteriako Udalak 1936ko udalbatzari omenaldia egin zionean bertan izan zen. Ekitaldi hartan Mikel Zabaletarekin hitz egin zuen eta harreman hartatik sortu zen Florentino Loidiri buruzko liburua, erreportaje honetarako informazioa eman diguna.

Felipe eta Alejandro Lizaso

Florentino Loidiren tailerreko langileetako bat Guillermo Lizaso Arruti zen, Florentino bezala oriotarra. Hain zuzen Florentino Loidik eraman zuen Guillermo Lizaso familia guztiarekin Errenteriara, fabrikan lana eskainita. Guillermo eta haren bi semeak, Felipe eta Alejandro, EAJko militante ezagunak izan ziren Errenterian. Guillermo txistularia ere bazen afizioz, eta idatzi eta bertsozalea, euskaraz idazten zuen Litargi ezizenarekin.

Alejandro Lizaso txistulari gudaria

Alejandro Lizaso Eizmendi Orion jaio zen 1909ko azaroaren 9an, Florentino Loidiren altzari-fabrikan lan egin zuen, anaia Felipe eta aitarekin batera. 1936ko apirilaren 5ean hil zen, gerrako frontean, beren posizioa defendatzen ari zela, tiro batek buruan jota, etsaiei esku-granadak jaurtitzen ari zela. Gerran Itxarkundia gudarien metrailadore-batailoiko kapitaina izan zen. Hil zutenean, gerra-frontean bertan lurperatu zuten, Legutioko lurretan.

Lizaso txistulari handia izan zen. Gerra hasi zenean, Euskal Gobernuak aukera eskaini zion Europan zehar euskal kausaren aldeko propaganda egiteko, batetik bestera txistua joaz ibiltzeko. Nire lekua mendian –frontean–dago erantzun zien.

Txistulari oriotarra sortzailea zen, zenbait melodiaren asmatzailea. Ezagunena Eusko Gudariak kantuaren melodia da. Kantuaren estrofa bateko hitzak ere: irrintzi bat entzunda, mendi tontorrean, goazen gudari denok ikurrinaren atzean Lizasorenak dira, EAJko presidente Jose Mari Garatek 1932an sortutako kantuko hitzei erantsita.

Abesti horretan batu zituen txistulari-gudariak bizitzan egokitu zitzaizkion bi gertaera nagusiak: musika eta gerra.

Felipe Lizaso Eizmendi

Orion jaio zen 1908an, baina Errenterian eman zuen bizitzaren parterik handiena. EAJko kidea izan zen gaztetatik. 1936an EAJko Errenteriako idazkaria zen eta komisario politikoa. Gerra hasita, gudarien komandante zela, Gernikan Jose Antonio Agirre lehenengo Lehendakariaren zin egite ekitaldiko lekuko zuzena izan zen. Kandido Saseta gudari komandanteak ere Gernikan eman zion Lizasori komandante-karguaren izarra. Geroztik, Itxarkundia batailoiaren buru ibili zen. Italiar tropek Santoñan atxilo hartu eta espetxeratu egin zuten, eta hiltzera kondenatu, baina ez zuten hil. Bilboko Larrinaga kartzelan egon zen.

El Día, Euzkadi eta Argia aldizkarietan argitaratu zituen lan aipagarrienak. Gerra aurretik kirol-kronikak idatzi zituen, eta preso zegoela Espetxean izeneko aldizkaria sortu zuen Lur-gorrirekin batera.

Gerra ondoren, EAJko tribunal nazionaleko presidente izan zen. Zaletasun xelebrea zeukan: gurutzegramak egitea; eta bera izan zen, hain zuzen, lehenengoa gurutzegramak euskaraz egiten, Deia egunkarian argitara eman zituenak. 1999an hil zen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide