Publizitatean aritua da, eta ezagunak zaizkigun publizitate ereduei arrakalak ikusten dizkionez, marka garatu duten norbanako eta enpresak iristen ez diren tokietara ailegatzen dira komunikazio digitala lantzen. Baina ez publizitate gisa, albiste moduan baizik.
Nola egiten duzue hori?
Ditugun zortzi hedabideak erabiltzen ditugu horretarako; Gipuzkoa gaur esaterako, irailean jaio zen eta dagoeneko 30.000 irakurle ditu. Datorren urte hasieran albisteak.eus ere batuko da zerrendara. Gaurkotasuneko notiziak bezeroen informazioarekin tartekatuko ditugu, horiek ere albiste gisa iristeko. Horrek onura handiak ditu.
Onura publizitatea jartzen duenarentzat, bai, baina kazetaritzarentzat?
Guk albiste publizitarioak ez ditugu sartzen. Beherapenek, esaterako, ez dute tokirik gurean.Balorea izan behar du kontatzen dugunak, albistea izan behar du; hau da, internet munduan enpresek komunikatu beharra daukate eta guk komunikazio korporatibo horretan laguntzen diegu.
Euskal Herri mailako euskara hutsezko egunkari bat badago dagoeneko. Hala ere, beste bat egiten arriskatu zarete.
Ezin duzu atzera bota merkatuan jada badagoelako. Gure estrategia desberdindu egiten da enpresa tradizionalek dutenetik.Gu albiste agentzia gara, eta gure helburua Agencia de noticias markaren azpian hedabide ugari sortzea da, sarea ahalik eta handiena izateko.
Albisteak.eus jaiotzear dago, baina eskelak.eus erditu berri duzue.
Euskaldunen oroitzapen digitala sortu nahi dugu. Nik uste, orain, digitalean, oso gauza pobreak daudela. Moztu eta itsatsi egiten da. Gurean eskelak egongo dira, bai, baina estetikoki zainduta. Azkar komunikatzeaz gain, azkar eta erraz bilatu eta zabaldu daiteke. Eta, gainera, balio erantsia ematen dioten zerbitzuak ere baditu.
Zein?
Familiartekoei baliabideak emango dizkiegu betirako pertsona horren oroimena gordetzeko. Batetik, hildakoaren biografia idatzi ahal izango dute: testuarekin, profesionalek egindako bideo pertsonal batekin eta argazkiekin. Bestetik, hildakoaren profilean ekarpenak egin ahal izango dituzte herritarrek: doluminak eman, omenaldia egin eta kandelak piztu. Hemeroteka modukoa izatea nahi dugu eskelak.eus. Horrez gain, crowdfounding bidez familiari ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere izango da.
Baduzue beste proiekturik eskuartean?
AZperiodistas. Urte hasieran kaleratuko dugu. Kazetariei dakitena egiteko plataforma jarriko diegu eskura.Berak albisteak idatzi eta guk zabaldu egingo ditugu; eta, gero, irakurrienak direnak milaka kazetaritza enpresetara bidaliko ditugu, egilearen aitortzarekin, noski. Curriculum modukoa izango da kazetarientzat, promozionatzeko.
Geldirik ezin egon, behintzat.
Internet munduan urteak daramatzagu eta ideia mordoa dauzkagu, aukera asko ematen baititu Internetek.