Bixente Zaragueta hil da, Donostiako Aquariumeko zuzendaria. Bixente Juan Zaragueta zenaren iloba zen, Orioko eskola publikoari izena eman zion apaiz filosofo idazle oriotarraren iloba.
Bixente Zaraguetaren heriotzaren orduan, asko izan dira haren gizatasuna goratu dutenak. Ideologia politiko guztietako ordezkariek hitz onak besterik ez dituzte izan harentzat. Txikikerien gainetik ibili behar genuela esaten zuen berak, arranoek bezala, eta horixe aitortu diote denek, jakin duela txikikerien gainetik, irribarrea ahoan, bakebideak irekitzen, eskuzabaltasunez jokatzen, ibili den lekuetan goxotasuna ematen.
Guk ere ezagutu genuen Bixente. Eskolan izan genuen bisitan, bitan: eskola hondartza aldera eraman zeneko 25. urteurrenean eta DBHko eraikin berria inauguratu genuenean.
Bisita haien emaitza izan zen eskolako ikasleek, Bixentek konbidatuta, Aquariumera joan, hura ikusi eta lotan bertan geratzea, arrainen eta marrazoen tunelean.
Guk ere egin genion bisita Bixenteri Aquariumera, Eskola aldizkarirako elkarrizketa egiteko, eta haren umore onaren lekuko zuzenak izan ginen. Zer moduz galdetuta, apaizak hobeto erantzunez hasi zen. Gero, erakutsi zigun bazekiela bere buruari barre egiten; hala esan zigun: Zaragueta eskolara joan nintzenean apaltasun lezioa jaso nuen, haurrek xalo-xalo barre egin zidaten euskaraz ondo egiten ez dudalako, ondo merezia dut hobeto ez ikasteagatik. Gizon zintzo bat ezagutu genuen.