Larunbatean, abenduaren 19an, goizeko 11:00etan hasita, Kirola eta aisialdia denontzat izeneko hitzaldia izango da Orioko kultur etxean. Berdin-berdin kirol elkarteak 2016an martxan jarriko duen Berdinduz programa aurkeztuko dute gai horri lotuta.
Bi hizlari izango dira, Miren Salsamendi eta Itsaso Nabaskues. Bata, Berdin-berdinak kirol elkarteko presidentea da eta, bestea, Kirol Egokituko Federazioko ordezkaria.
Berdinduz proramarekin kiroleko eta aisialdiko jardueretan normaltasunez aritzeko zailtasunak dituztenei aukera eman nahi diete berdintasunean parte hartzeko. Baina, horretarako, boluntarioak behar dira, laguntza hori emango dietenak. Hortaz, Berdinduz programa boluntariotzan oinarritzen da.
Gaian interesa duten guztiak gonbidatzen ditu elkarteak ekitaldira. Larunbatean, 11:00etan, kultur etxean. Gutxi gorabehera bi orduko iraupena izatea aurreikusten dute.