Iaz ekin zion Orioko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeari. Iazko udaberrian hasi ziren herritarrekin bilerak egiten, hartu emanean lehen zirriborroa egin zuten. Baina epe luzeko proiektua da Plan Orokorra, eta Udalak lanean jarraitzen du.
Lanketa horren barruan, lehendabiziko aldiz, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa -ELE– egingo du. Izan ere, Plan Orokorra garatzean hartutako erabakiek eragina izaten dute, besteak beste, hizkuntzaren erabileran. Orion lehenago ere gertatu da izan da hori. Azken Plan Orokorrean etxebizitza asko egin ziren eta kanpotik jende asko etorri zen Oriora bizitzera. Horrek euskaldun-portzentajea jaistea ekarri zuen, hortaz, erabilera ere jaitsi egin zen.
Orain, Hiri antolamenduko Plan Orokor berriarekin lanean dabiltzanez, aldez aurretik aztertu nahi dute hartutako erabakiek nola eragingo duten Orioko euskaran, Udalak eutsi egin nahi baitio Orioko herriaren izaera euskaldunari.
Orio azterketa hau egiten duen lehen udal euskalduna
Oriokoa izango da horrelako azterketa bat egiten duen aurreneko udala Euskal Herrian. Tresna honi esker, Udalak jakingo du nolako ondorioak izango dituen plan orokorrak euskararen egoeran eta, beharrezko balitz, zein neurri zuzentzaile aplika daitezkeen, ondorio negatiboen eragina gutxitzeko.
Lana Elhuyar enpresaren bidez ari da egiten Udala, eta gastuaren parterik handiena Foru Aldundiak ordainduko du. Dagoeneko hasi dira eta aztertzaileak Udalarekin, Ikastetxeetako ordezkariekin eta Karkarako zuzendaritzarekin bildu dira.