Galera-irabazien araberakoa izan da galbahea orain arte: zenbateko diru emaitza duten, eta administrazioek zenbateko diru laguntza ematen dieten aurrera egiteko. Diru jale modura hartu izan dituzte euskarazko hedabideak, Mondragon Unibertsitateko irakasle Eneko Bidegainen arabera. Aberastasun sortzaile ere badira, ordea. Hedabideen balio soziala ikertzen ari dira unibertsitatean, eta lehen proba modura, BERRIAren eta Goiena taldearen azterketa egin dute. Emaitza: 27,2 milioiko balioa sortu zuten iaz, hiru milioi inguruko diru laguntzekin. Laguntzan emaniko euro bakoitzeko 9,2 euro sortu zituzten. Ikerketa zabaldu egingo dute, eta hedabideen sektore osoari egin.
Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean –Gipuzkoa– gai hori hartu zuten atzo hizpide, Gertuko komunikabideen III. jardunaldia: balio soziala izenburupean. Balio sozialari eta hori neurtzeko moduei buruz aritu ziren adituak, eta hedabideetako ordezkariek ere hitz egin zuten.
Ikerketa ildo berria da. Enpresa alorrean pixkanaka ari da bidea egiten, galera-irabazi kontuen alboan. Balio soziala dirutan nola zenbatu, hor dago koska. Metodologia bat taxutzen ari dira hainbat unibertsitate —parte hartzen ari dira Deustuko Unibertsitatea eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatea ere—, eta horiei jarraituz egin du hedabideei buruzko azterketa Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Hekimen hedabideen elkartearen laguntzarekin egin du lana —gobernuak ez zuen ordezkaririk igorri ikerketaren aurkezpenera—.
Diru kontuetatik harago
Finean, ikerketaren funtsa da BERRIAk eta Goienak, emaitza ekonomiko hutsaz harago, inguruan zer balio sozial sortzen duten aztertzea, eta hori dirutara eramatea. Diru kontuak aztertzeaz gain, hortaz, elkarrizketak egin dituzte hedabideen jira-bueltan dauden eragileekin: hornitzaileak, kontsumitzaileak, gizarte eragileak, administrazioa... 25 eragile hautatu dituzte hedabide bakoitzeko.
Neurketarako aldagaietan, dozena bat hartu dituzte kontuan, bakoitzak zenbat egiten duen arlo hauetan: euskararen normatibizazioa, normalizazioa eta prestigioa; kohesio tresna izatea; gizarte eta kultura ekintzetan parte hartzea; euskal kulturgintzaren promozio leku izatea; prestakuntza gune izatea; hezkuntzan erabil daitezkeen edukiak sortzea; beste hedabideentzat aitzindari lana egitea; besteentzako diru laguntzak bilatzea; dirua aurreztea edo horretan laguntzea; beste enpresa batzuei negozioak ematea; promozio tresna izatea enpresa eta erakundeentzat; eta oihartzun txikia duten sektoreei toki egitea.
Horretan zenbat ordu pasatu dituzten eta horrek dirutan zenbat balio duen kontatu dute. Hori da emaitza: Goienaren eta Berriaren kasuan, laguntzak aparte jarrita, 24,2 milioi. Minimoa da kopuru hori, Bidegainen esanetan, zenbait aldagai ez baitituzte kontuan hartu oraindik —adibidez, Interneteko jarduna—. Lehen proba izan da oraingoa. Aurrera begira, metodologia gainbegiratzea eta neurgailu estandarra sortzea izango du taldeak helburu.
Aberastasuna sortzen dute, beraz, euskarazko hedabideek. Sarri beste klixe bat izaten dute gainean: laguntzak dituztela, dirua galtzea dakartela... Bidegain: Diru laguntzarik jaso ezean, euskarazko komunikabideek ezin izanen lukete balio sozial hori sortu.
EITBk ere egingo du
Datuen argitan, kontzeptu aldaketa bat behar dela uste du Hekimen elkarteko zuzendariak, Alberto Barandiaranek: Diru laguntzei buruz hitz egiteari utzi, eta euskarazko hedabideen inbertsioari buruz hasi behar genuke hizketan. Bide beretik, hedabideen ekarpena nabarmendu du Iban Arantzabalek, Goienako zuzendariak: Hedabideok ez gara motorra soilik euskararen mundurako; zabalagoa da eragina. Baina maiz ez dituzte hala ikusten, Berriako zuzendari Martxelo Otamendiren ustez: Askotan ez gaituzte enpresa gisa ikusten. Eragile ekonomikoa gara, nahiz kuadrilla gisa ikusten gaituzten.
Balio sozialari buruzko ikerketekin aurrera jarraitzeko asmoa dute adituek. EITBk ere jakinarazi du datorren urtean egingo duela.