Gabonetan kontsumo arduratsua sustatzeko azoka

Karkara 2015ko abe. 10a, 11:08

Abenduaren 20ean, igandearekin, Herrio Natur Taldeak antolatuta, 6. Jostailu Erabilien Azoka izango da goizean herriko plazan. Eguraldi txarra eginez gero frontoian izango da.

Jostailu Erabilien Azoka izango da igandean. Azokarako jostailuak ostiralean bilduko dituzte. Etxean dauzkazuen eta erabiltzen edo behar ez dituzuen jostailuei erabilpen berri bat emateko aukera da azoka. Elkartrukea  eta berrerabilpena sustatzea dute helburu eta Gabonetako gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Abenduak 11 ostiralean 16:00etatik 17:00era Zaragueta Eskolan egingo dute jostailu bilketa, eta, egun berean, 16:30etatik 17:30era, Ikastolan izango dira. Abenduak 18 ostiralean, berriz, Plazan izango dira azken jostailuak jasotzen, 17:00etatik 19:00era.

Biltzen duten guztia abenduaren 20ko azokan ikusgai jarriko dute, 10:30etik 15.00etara. Azoka, eguraldi ona eginez gero, plazan izango da; eta, eguraldi txarra eginez gero, frontoian.

Truke sistema hiru koloretan

Bilketa egunetan etxetik ekarritako jostailuak sailkatu egingo dituzte hiru koloreren arabera: horia, urdina edo gorria. Nahi izanez gero koloretako txartel bat jasoko duzue azoka egunean kolore berdineko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatzeko.

Azokara hurbiltzean ere egin ahal izango da trukea, hau da, etxetik jostailuak eraman eta azokan jarrita daudenekin trukatu.

Jostailuek bete beharreko baldintzak

Hiru baldintza bete behar dituzte jostailuek:

  • Jostailuak osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dugu jasoko.
  • Azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
  • Behin azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide