Ezagutzen ez dena, ezin denez maite... Horregatik, Orio hobeto ezagutu nahian ibili dira Zaraguetako ikasleak. Orioko historia sakonago ezagutu ahal izan dute eskolan, eta ez zekizkiten hainbat pasarte ikasi ahal izan dituzte. Horiek 12 argazkitan jaso dituzte. Hilabetero, argazki bat. Eta horrela osatu dute 2016 urteko egutegia.
Garai batean herri baten historiaren transmisioa mahai baten bueltan egiten zen. Garaiak, ordea, aldatu egin dira. Soka hori eten egin da. Eta, egungo gazteek, nekez dakite beren arbasoen ohituren berri. Jakin-mina badute, ordea. Horregatik, Orioko curriculuma lantzen ari diren honetan, ohitura, gertaera eta kontu txiki horiek egutegi batean bildu dituzte. Beren asmoa transmisio hori egitea baita, ikasitakoa herriarekin partekatzea.
Bost eurotan jarri dute salgai egutegia. Gaur hasi dira saltzen, kultur etxe aurrean, bigarren eskuko euskal liburuen azokan. Bildutako dirua ikasturte amaieran egingo duten bidaiako gordeko dute. Bihartik aurrera Zaragueta Herri Eskolan eta herriko hainbat dendetan erosi ahal izango da egutegia.