Aitziber Agirre da Elhuyar aldizkariko zuzendari berria

Karkara 2015ko abe. 2a, 08:39

Orion bizi den gasteiztarra da Elhuyar aldizkariaren zuzendari berria, Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute. Gogotsu heldu dio erronka berriari. Eider Carton Virtok Agirreri eman dio lekukoa, 12 urtez zuzendari izan ondoren.

Hamabi urtez Elhuyar elzikariko zuzendari izan den Eider Carton Virtoren lekukoa hartu du Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek. Orion bizi den gasteiztarra da bera. Formazioz biokimikan doktorea da eta, ofizioz, kazetaria. Hemendik aurrera, kazetaria izatez gain Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren gidaria ere izango da.

Hilabete honetako zenbakian idatzi du bere lehen atarikoa. Agirrek adierazi duenez arduraz eta ilusioz hartu du aldizkaria zuzentzeko erantzukizuna.

Bide batez

Aitziber Agirre Ruiz de Arkauteren lehen atarikoa

Gizakion batez besteko biziraupena 20 urtez luzatu da, duela ehun urteren aldean. Zientzialariek, dena dela, ez dute uste datozen ehun urteotan askoz ere gehiago luzatuko denik. Gainera, finean lortu duguna heriotza atzeratzea izan da, baina, lorpen hori ez denez etorri kasu guztietan bizitza- kalitatearen hobekuntzaren eskutik, populazioaren zahartzeak ondorio zuzenak utzi ditu gizartean: milaka adineko ditugu erabateko menpekotasun fisiko, mental, intelektual edo sentsoriala dutenak, 24 orduko zaintza behar dutenak.

Izan ere, helburua ez luke izan behar bizitza luzatzea, bizi garen urteak azkeneraino ongi bizitzea baizik. Urte osasuntsuak luzatu. Alor horretan zientzia izaten ari den erronka berriak ekarri nahi izan ditugu ale honetara: zahartze-prozesua bera atzeratzea, orain arte zahartzearen ondoriozko gaixotasunak tratatzen aritu baikara —izan dementzia, izan minbizia, izan bihotzeko gaitzak…—, BioDonostia ikerketa-zentroko Ander Matheuk aitortu digun bezala.

Azkenaldian, aurrerapen zientifiko handiak egin dira, eta badirudi zahartze-prozesua atzeratzeak, bide batez, bizitzaren mugak gainditzeko zorian jar gaitzakeela. Zientzialariek, ordea, gero eta argiago dute biziraupen maximoak baduela gainditu ezineko muga bat.

Zahartze-prozesua bera aldatu nahi izateak zahartzea bera gaixotasuntzat hartzeko arriskua ere badu, eta garrantzitsua da garbi izatea ez dela patologia bat, bizitzaren berezko prozesu fisiologikoa baizik. Izatez, hausnartu beharko genuke zahartzaroa atzeratzeko nahiaren oinarrian ez ote dagoen heriotza onartzeko zailtasuna.

Bide batez, atarikoa aprobetxatuko dut nire burua aurkezteko: Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute naiz. Gasteiztarra. Formazioz, Biokimikan doktorea, eta, ofizioz, zientzia-kazetaria. Hemendik aurrera,Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendari berria. Eider Carton Virto hamabi urtez zuzendaria izan denaren lekukoa hartuko dut aurrerantzean. Erronka handia da irakurleok behar eta espero duzuen horri erantzutea, batez ere azkenaldian kazetaritzak eta, oro har, Elhuyar aldizkariak bizi dituen aldaketa-garaiak kontuan hartuta. Eskerrak aldizkariak esperientzia handiko lantaldea duen atzean. Zuei esker, kideok, gogotsu heldu diot lan berriari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide