Ikasle euskaldunak eta euskara bizitzako hizkuntz ardatza izango duten herritarrak heztea da Ikastolaren helburuetako bat.
Ikasle euskaldunak hezteari dagokionez, jakina da Ikastolak, oro har, euskara ikastea eta ikasketak euskaraz burutzeko gaitasuna ahalbidetzen duela. Baina bigarren helburuaz, euskara bizitzako ardatz izateaz alegia, Ikastolak bakarrik lor al dezake hori? Ez!
Euskara akademikoa irakastea ez da nahikoa horretarako. Gela barruan ikasten den hizkerak, hau da, hizkuntza akademikoak ez du ziurtatzen ikasleek euren bizitzarako esparru eta egoera guztietan euskaraz jariotasunez eta normaltasunez aritzeko gaitasuna izango duenik. Hori ez baita gela barruan landu ohi dena, batik bat adinean gora doazen heinean.
Eguneroko jarduera orotan euskaraz aritzeko beste hainbat hizkuntz baliabideen jabe izan behar da. Egoera ez-formaletan –lagun artean, kiroletan, moda kontutan, kafe garaian, festa giroan, bikote harremanetan…– aritzeko gure herriko hizkera aberatsaren jabe izan behar da. Eta eskolak bakarrik ezin du lanketa hori egin, Ikastola ordu gehienak ikaskuntza orduak baitira. Horretan eragiteko familiak, eskolaz kanpoko jardueretako hezitzailek, aisialdiko eragileek, kirol elkarteek,, herritarrok… buru-belarri aritu behar dugu.
Guztiok izan behar dugu eredu, belaunaldi gazteek gure herriko hizkera, Oriokoa, beregana dezaten eta edozein une eta egoeretan euskaraz aritu daitezen, beste herrialdetako gazteek euren hizkuntzetan aritzen diren bezala.