Iazko San Nikolasetan herri bazkariak izandako arrakasta ikusita, formula errepikatzea erabaki du festa batzordeak. Abenduaren 5ean, larunbatean, Kuadrillen eguna ospatuko da eta babarrun-jana izango da kiroldegian. Herriko hainbat kuadrillatako kideek antolatuko dute Gure Esku Dago taldearen laguntzarekin.
Txartelak dagoeneko salgai daude, 10 euroren truke, Gabon eta Errusta tabernetan eta Kultur Etxean. Abenduaren 1a izango da txartelak erosteko azken eguna.
Babarrun-jana 14:00etan hasiko da kiroldegian eta haurrentzako jarduerak izango dira kiroldegian bazkariak irauten duen bitartean. Bazkalostean, Eonian elektrotxarangak joko du kalez kale.
Antolatzaileek kuadrillen laguntza eskatzen dute bazkarirako. Kuadrilla bakoitzeko pare bat laguntzaile eskatzen dituzte sortzen diren zereginetarako. Horregatik, txartelak erostean, kuadrilla bakoitzak adierazi beharko du zein kide dauden prest antolakuntzan parte hartzeko; jarrialea@gmail.com helbidean ere egin daiteke.