2012ko uztailaren hemeretzia. Beren kalkulu txarrenetan ere sartzen ez zen diagnostikoa entzun dute. Minbizia. Pankrean. Bi hitz, zein baino zein. Izu-eztanda bi, bi horzkada zakar erraietan. Arazo digestiboekin dabil Zu azken aldian, ez du jandakoa txegosten, janariari pasatzen uzten ez dion itxituraren bat dauka digeritze-aparatuaren punturen batean, botaka hasten da ezer irentsi orduko.
Horregatik hasi ziren medikutan. Orain badakite zergatia.
Senarrak Zuri begiratu dio. Zuren begiak medikuari begira daude, bi hitz entzun berrien zentzuaren bila balebiltza bezala gelako hormaz haragoko punturen batean. Erantzuna galduta balego bezala sendagilearen atzeko leihotik ikusten den arboladian, malda berdean, Errondopeko oihan sarrian. Zuk poltsa estutzen du behin eta berriro sabelaren kontra, bizitzari eusteko indar bila edo.
Senarrak medikuari begiratu dio ostera.
Doktorea, hogeita hamabost bat urteko emakume diskretua, bikotearen erreakzioei errespetuzko asti pixka bat eman ondoren, diagnostikoa zehazten hasi da, esan beharrekoak nola esan ondo ikasita balekartza bezala.
Tratamenduarekin hasi aurretik, tumorea ezagutu behar dugu... Toki arriskutsuan dago, ordea, «porta» izeneko zainetik hurbil… Handiak dira bertara iritsi eta biopsiarako laginak biltzeko zailtasunak, porta zainaren hurbiltasunarengatik… Arriskuez eta zailtasun ezagunez gainera, aurreikusi ezin diren gauzak daude… zuhur ibili beharra daukagu, hobe ebakuntza baztertzea…
Bikotea, medikuari begira. Begiak tinko medikuarengan.
Proba gehiago egin beharko ditugu tumorearen benetako tamaina eta izaera ezagutzeko…
Esan duen guztia baino gehiago jakingo du doktoreak. Hala bada, senarrak eta Zuk ez dakite zer gorde duen. Nolanahi ere, etorkizunak gupidarik gabe ekarriko dizkie medikuak esandakoa, medikuak gorde-edo duena, medikuak berak ere oraindik ez dakiena —besteak beste, tumorearen erasoen eta Zuren erresistentziaren arteko lehiaren nolakoa.
Zuk ez du galderarik egin. Senarrak ere ez. Zertarako?
Medikuaren eskuetan daude, fidatzen dira. Ez daukate fidatu beste erremediorik.
Hasiberri ezjakin hutsak ziren kontsultan sartu aurretik. Kontsultatik irtendakoan ere bai, baina orain minbizi hitzak gainean daraman zama guztiarekin irten dira anbulatoriotik. Minbiziaren zamarekin eta, gainera, pankreakoa izateak dakarrenarekin: askotan entzuna dute bi hitzen baturak oso bizi-iraupen laburra dakarrela: sententzia horren zama daramate bereziki gainean. Ez dute zama arinduko, hemendik aurrera minbizia eta pankrea izango dituzte hitz giltzarriak, gainetik kendu ezingo dituztenak. Ez batere maiteak, baina beti bidaide.
Senarrak besoa pasatu dio Zuri sorbaldatik. Emakumeak poltsari eusten segitzen dio sabelaren kontra.
Anbulatorioaren eta aparkalekuaren arteko parke handia zeharkatu dute. Eguzkia goienean da eta bete-betean. Parkeko arboladiak babesten ditu berotik, baina ez gainezka daramaten abailduratik.
Putakumeak ez digu irabaziko.
Zerbait esan behar eta horixe atera zaio senarrari, baina ez esandakoa sinesten duelako, isiltasun pisuak pisu gehiago har ez zezan baizik. Tira egiteko bizitzaren hariren bati.
Ez, ez digu irabaziko, erantzun dio Zuk, ahots herabe batez.
* * *
Medikuak esan diena kontatzen ari da Zu bere senideei. Osorik dago, ez zaio ahotsik kraskatzen, eta medikuak esandakoa xehatzen ari den bitartean, Zuren esanak entzuten ari diren guztiak hondoratzen ari dira, lehenengo hitzak entzun orduko hasi dira pitzatzen, ezin diote adoreari eutsi. Senarrak ez daki ez ote dagoen bera okerren, baina ahaleginean ari da, Zuk ezer nabarmendu ez dezan. Senarraren ahuldurak Zu ahultzeko beldurrez. Zu hizketan ari den bitartean senarra bigarren plano batean dago. Inoiz, oso gutxitan, hitzen bat atera zaio Zuk esandakoa osatzeko edo zehazteko.
Bukatu da trantze gaiztoa. Senarra hebain-hebain eginda dago. Baina Zurekin bakarrik egoteko amorratzen: medikuarenetik itzuleran, autoz egindako hogei minutu doiak izan dituzte inor gabe egoteko aukera bakarra. Etxean sartu eta arropa aldatu orduko, alabak etorri dira beren senarrekin eta biloba txikiarekin, bakoitza bere lanetik bueltan, eta orduan ere adoretsu jokatu du Zuk, garbi utziz bera dela eszena kontrolatzen duena.
Kafesne beroa, gaileta batzuk eta Paracetamola atera dizkio senarrak Zuri. Zizka-mizka batzuk eta ardoa familiari eta sartu-irten azkarra egitera etorri diren lagunei. Erizain eta zerbitzari, lanbide berri bi praktikan jartzen hasi da senarra.
Zu oheratu denean, senarra Interneten sartu da informazio bila.Minbizia eta pankrea markatzekotan egon da luzaz.
Ez da ausartu.
* * *
«Hamabi urte ditut eta elbarria naiz. Postariak bi pentsio ekartzen ditu etxera, aitonarena eta nirea. Eskolako neskek, jakin zutenean minbizia nuela odolean, beldurra zioten nire ondoan esertzeari… Ni ukitzeari… Medikuek esan dute nire aitak Txernobylen lan egin zuelako gaixotu naizela. Eta ni horren ondoren jaio nintzela. Nik nire aita maite dut...» (Svetlana Aleksievitx).
* * *
Egunetan eta egunetan, Zuren korromioak galdera baten forma hartzen zuen:
Zergatik niri?
Kabitu ezina, negarra, protesta, oldarra.
Pixkana-pixkana, ordea, ahultzen joan zaio hasierako errebeldia, egonezina, herra. Bere baitara bildu da, ez du hitz egiteko gogorik. Beldur naiz abailduran erortzen ari ote den, abisatuta nago pankreako minbizidunek depresioaren mende erortzeko izaten omen duten arriskuaz.
Gaur goizean, ordea, Zu egosten ari zenak hitzezko forma hartu du:
Eta zergatik ez niri?
Lehen galderako protestatik —zergatik niri?— bigarrengo onarpenera —zergatik ez niri?—, barne-prozesu luze bat bizi beharra dago, eta bizipen horren iraupena ez da erloju batekin neurtzen, prozesuaren zama ez da pisuarekin zehazten.
Fortuna izotza bera baino hotzagoa da, gupidarik gabe markatzen gaitu, alferrikakoak dira protesta guztiak. Bizitzaren parte bat da. Eta bizitzaren —bizitzaren arau guztien— onarpena iristen bada, datorrenari duintasunez erantzuteko lehia hasten da: eta lehia horren bide iniziatikoaren abiapuntu benetakoa ez da zergatik niri? galdera, zergatik ez niri? baizik.