Pasa den asteko emaitza irauli ahal izan zuten juniorrek. Donostian jokatu zuten asteburuan, Cafes Aitona Askatuak taldearen aurka, eta 14 puntuko aldearekin irabazi zuten partida. Markagailuan 41-35 emaitza zegoela amaitu zen partida. Garaipen honekin 14 puntu bildu dituzte oriotarrek.
Hala, une honetan Euskal Liga jokatzeko aukera ematen duen postutik garaipen bakarrera daude Borja Valorren neskak. Larunbat honetan berebiziko garrantzia duen partida jokatuko dute Ordizian, 9:15ean. Euskal Ligan izan nahi badute ezinbestekoa dute garaipena lortzea.
Kadeteek ere irabaztea lortu zuten. Markagailu estuagoarekin bukatu zen partida, baina, hamalau gora edo hiru gora, oriotarrek lortu zuten Bera Bera talde gogorraren kontra irabaztea. Honela, jokatutako sei partidak irabazi dituzte oriotarrek eta hamabi puntu garrantzitsurekin hirugarrenak dira sailkapenean. Baina Askatuakek ere bere partida irabazi izana medio, datorren fasean 2. multzoan izango dira oriotarrak.
Lehen jardunaldian izandako akatsa garesti ordainduko dute Ainara Zamakolaren neskek, izan ere jokatutako partida guztiak irabazteko gai izan dira. Baina akatsaren ondorioz jasotako zigorra medio, ezin izango dute onenekin lehiatu datorren fasean.
Atsedena izan zuten pasa den astean infantil mutilek, eta, antza, ondo etorri zaie atsedenaldia. Erraz irabazi zuten asteburuko partida Easo Peñafloridaden kontra, 10-50. 40 puntuko aldea atera zuten oriotarrek eta garaipena baliagarria izan zaie taularen erdialdean kokatzeko, goiko postuetatik gertu, puntu bakarrera.
Datorren partida Zarautzen jokatu beharko dute, Gure Bazterrak festibala dela-eta Karelan ezingo baitute lehiatu. Parean Hondarribiako taldea izango dute eta, hasiera batean, irabazteko moduko partida dela dirudi.
Leihoak taldeak porrot eta Donosti Basketek irabazi
Ligako lehen garaipena lortu ondoren, ezin izan dute garaipenen olatuan surfeatzen segi zarauztarrek. Megacalzado Ardoi taldearen kontra galdu egin zuten, etxetik kanpo, 83-71. Unai Eizagirre, Aitzol Eguskitza eta Iker Gurrutxaga talde horretako kideak dira. Sara Iparragirre Donosti Basketeko jokalaria da eta asteburuan irabazi egin zuten, 50-56, Portugaleteren kontra.