Asteburu gazi-gozoa futbolean

Karkara 2015ko aza. 23a, 22:01

Sei partidetatik bi irabazi, bat berdindu eta hiru galdu ditu asteburuan Oriokok. Partida askotan maila eman arren eta aurkariari estu jarri arren, ez dute irabaztea lortu.

Emaitzen dantza izan da asteburuan futbolari dagokionean. Goi kategoriako taldeek ez dute zorterik izan eta erregionaletako bi taldeek galdu egin dute. Ohorezko erregionalek porrot egin zuten, ozta-ozta, gol bakarreko aldeagatik. 1-2 emaitzarekin amaitu zen partida, Elgoibarren alde. Etxekoen gola Alex Rodriguezek sartu zuen.

Erregional neskek ere galdu egin zuten, 3-0, Ordiziaren aurka. Emaitzak, dena den, ez du partida islatzen. Maila ona eman zuten bigarren zatira arte. Zail jarri zioten partida, estu, Ordiziari. Baina ez zuten lortu tartea txikitu eta punturen bat eskuratzea.

Jubenilekin iritsi zen asteburuko lehen garaipena. Etxetik kanpo irabazi egin zuten, Beti Gazte taldearen kontra, 0-2. Josu Saezek sartu zituen oriotarren bi golak. Eta, besteak beste gol horiei esker, hiru punturekin itzuli ziren Lesakatik.

Kadeteetan ere irabazi egin zuten. Kostkas taldea mendean hartu zuten 2-0 emaitzarekin. Mendibeltz futbol zelaian izan zen partida eta golak Alex Enparanzak eta Eneko Eizagirrek sartu zituzten. Garaipen honekin lider jarraitzen du Oriokok.
 
Asteburuko hirugarren garaipena ohorezko infantilek lortu zuten. Antton Iturainek eta Iñaki Alonsok sartu zituzten oriotarren bi golak. Zarautzek, dena den, gol bat sartu zuen; hortaz, 2-1 emaitzarekin bukatu zen partida. Emaitza honekin Txapeldunen Faserako sailkatzea gerturago dute oriotarrek.
 
Infantilek berdindu egin zuten etxean, Mendibeltzen, 2-1, Amaika Bat taldearen kontra. Oriotarrak aurretik jarri ziren markagailuan, 2-0. Golak Jugatz Adurizek eta Olatz Aizpuruak sartu zituzten. Baina, partidaren hondarrean, berdindu egin zuen Amaika Bat taldeak eta hiru puntu ia poltsikoan izatetik puntu bakarra eskuratzera pasa ziren. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide