Lehen aldia izango da festibal batean arituko zaretena. Horrek moldaketaren bat edo eskatzen al du?
Errepertoriomoldaketari dagokionez, neurri batean kantarik zuzenenak direnak sartuko ditugu, beti ere disko berriari lehentasuna emanez, nahiz eta zaharragoak direnetan ere aukeraketa bat egingo dugun. Moldaketarik handiena kantuen aurkezpen-denboretan egin beharko dugu, hitz gutxi eta jo asko. Festibaletan denborak oso neurtuak izaten dira, eta horretan zehatzak izateko eta kantuak lasaitasun minimo batekin jo ahal izateko, ezinbestekoa da lastohitzak saihestea.
Desberdintasun handia al dago, bada, areto itxi eta txiki, plaza edo areto handi batean jotzearen artean?
Festibal batean lehen aldia badugu ere, plaza handietan badugu eskarmentua eta publikoaren hurbiltasuna lortzeko ahalegina handiagoa izango dela jakitun gara.
Beste lau talderekin elkarbanatuko duzue oholtza. Oso estilo desberdinekoak zarete guztiak. Ziurrenik zuen jarraitzaileak eta sekula entzun ez zaituztetenak elkartuko direla kiroldegian.
Ez gaitu bereziki kezkatzen horrek. Guk uste gure inguruan ere gero eta zabalduagoa dela Openmind kultura, kontzertuetara zoazenean hasieratik zoaz, askotan badakizulako teloneatzen duten taldeak ere talde onak izaten direla askotan, entzun ez badituzu ere. Guri hori gertatzen zaigu besteekin, Gure Bazterraken oholtza elkarbanatuko dugun talde batzuen berririk ere ez genuen orain arte. Hor dago aberastasuna, eta oholtza azpitik ere pentsatzen dugu jendeak hori bilatu eta aurkituko duela.
Ohikoa da festibal bakoitza musika estilo jakin batekin lotzea. Oriokoan zaila da hori. Lotura nabarmen bakarra guztiak euskal taldeak zaretela da.
Ez dakigu hori benetan mito bat ez ote den. Euskal Herrian gaur egun egiten diren festibal masiboetan behar bada bai, baina hemen betidanik izan da kontzertuak antolatzeko ohitura, lotura-hari bakarra taldeen euskalduntasuna izanda. Orion bertan ezagutu ditugu kontzertu berean Su ta Gar, Lin Ton Taun eta Urtz taldeak jotzen, eta oso ohikoa izan da.
Iaz antolatu zen lehenengoz Gure Bazterrak festibala. Zer iruditzen zaizue horrelako ekimen bat antolatzeko apustua egitea, eta, gainera, Orio bezalako herri txiki batean?
Zer esango dugu, bada. Jendea bildu ahal izateko radioformuletan funtzionatzen duten taldeekin bakarrik kontatzen duten antolatzaileen inguru batean horrelako uharteekin topo egitea beti da pozgarria. Taldeontzat ere aukera ezin hobea da esparru berrietan gure burua aurkezteko eta, entzule bezala, Spotifyko ohiko zerrendetatik atera eta herrian bertan zuzeneko desberdinez gozatzeko.