Bertsolaritzan hasi zinen. Orain, nola jarraitzen duzu bertsolaritza?
Orain, bertsolaritza albo batetik segitzen dut, nire bizitzako parte garrantzitsu bat bada ere. Bertsolari izatetik bertsozale izatera pasa nintzen; gutxiago sufritzen da!
Geroago musikaren bidea hartu zenuen, zer dela eta?
Musikagatik sartu nintzen bertso munduan, doinu zaharrek sorginduta, eta esango nuke musikak berak, alor horretan mundu zabalago bat ezagutu beharrak, atera ninduela bertatik.
Taula gainean, orain, uzten al diozu tokia bat-batekotasunari?
Toki handia. Baina ez kantari nagoela inprobisatzeko, hori oso arriskutsua da... Bat-batekotasuna kantutik kantura dagoen tarte horretara mugatzen da gehienbat, kantuak azaltzerako orduan-eta. Edozein modutan, eta gauza bera ez direla onartuta, kantari nabilela beti sentitzen dut kanta berriz jaiotzen ari dela, lehenengo aldia balitz bezala, bertso baten gisan.
Lagunak musean ari zirela, diskoa mahai gainera bota eta esan zenien "1.500 pezeta, erosiko al didazue?". Horrela hasi zinen kantugintzan?
Lagunei ez nien galdetu, erostera behartu nituen koitaduak! Kantugintzan nola hasi nintzen, ordea, zaila da esaten. Uste dut txiki-txikitan hasi nintzela ni neu ohartu gabe ere, aita eta amaren altzotik.
97an kaleratu zenuen lehen diskoa. Ordutik 18 urte pasa dira. Asko aldatu al da euskal musikaren panorama?
Ziur aldatu dela. Baina zertan aldatu den zehaztea kosta egiten zait. Mundua bera izugarri aldatu zaigu azken 18 urteotan eta neurri berean gertatu da aldaketa gurean. Musika entzuteko era, erosteko era, ez dira lehengoak baina zuzenekoak ezer gutxi aldatu dira ordutik hona, zorionez.
Eta diskoen komertzializazioa, salmenta? 1.500 pezetatan saldu zenuen lehenengoa alea...
Fisikoki gutxiago saltzen da lehengo aldean, hori bistakoa da. Baina galdera honi egokiago erantzungo dizu diskogintzako edonork.
Lehen tirada horretan 1.000 ale saldu ziren. Baina ezagun bigarren diskoarekin –Badira hiru aste– egin zinen.
Lehenengo autoekoizpen horretan beste diskoetxeen arreta jaso nuen. Bizkaitik Gipuzkoarako jauzia ere eman nuen eta hori, bizkaitar batentzat, ez zen batere erreza sasoi hartan. Ondoren etorri zen badira hiru aste eta, berarekin batera, publiko zabalago baterako jauzia.
Geroztik disko mordoa kaleratu duzu, ekoiztetxe askorekin: Gaztelupeko hotsak, Elkar, KAP, Baga-Biga.... Eta, Anek idatzi dit zutaz, autoekoizpena izan zen. Nola ikusten duzu euskal herriko ekoiztetxeen panorama? Autoekoizpenerako bidea hartu dute azken aldian askok...
Bide hori nik ere hartu izan dut, zuk ondo diozunez. Probatu beharra neukan bai hala bai. Gure industriaren barruak ezagutu, bertan hobeto kokatzeko. Kontua da diskoak baldintza duinak behar dituela, eta diskoetxeak zaintzen ez dituela ulertzen baduzu beste bideren bat frogatu beharra dago. Oro har, baina, esan dezaket nire diskoetan beti saiatu garela ekoizpen eremu guztiak zaintzen, grabaketa baldintzak, musikoen tratamendua, zerrenda luzea...
Gitarra eta ahotsa dira zure instrumentuak. Batzuetan, ordea, bandarekin ere aritzen zara. Zer desberdintasun dago bi eszenaratzeen artean? Zer ematen dio eta zer kentzen dio bandak?
Orain arte eta 18 urtetan bandarekin aritu izan naiz. Aurten, lehenengoz bakarrik ari naiz, bakarlari hitzari zentzua ematen. Banda batek musikalki hortz-muga zabalago bat eman diezazuke beste gauza askoren artean, eta bakarrik aritzeak sekulako bizipen sendoak, bakarrik zaudenean soilik eman daitezkeenak.
Bakarlaria kontsideratzen zaitugu, baina beti lagunduta egon zara...
Esan bezala, bira hau ez geroztik lasaiago deitu ahal diot nire buruari bakarlari.
Bakarrik edo beste musikariek lagunduta, zure kontzertuak oso intimoak dira. Oriokoa areto txikia da, horrek ere lagunduko du giroa goxatzen eta gertukoago izaten, ezta?
Aurtengo biran denetariko aretoetan aritu naiz, txiki eta handi, eta uste dut ia denetan sortu dela antzeko giroa. Zorionez, jende mordoa hurbildu zaigu kontzertuetara eta horrek berotasun handia ematen dizu, ezinbestez. Esango nizuke lekuak berak ez duela giroa hainbeste baldintzatzen, bai ordea entzule eta kantari artean sortu daitekeenak. Ia Orion gau polita osatzeko gai garen...
Zu musikari intimista zarela ere esan daiteke. Oso barnetik idazten duzu.
Beti ere ez dugu asmatzen baina saiatzen naiz barrenetik idazten eta kantatzen, ezin dut beste modurik irudikatu.
Sarrerak agortu dira dagoeneko. Horrek poztu egingo zaituela imajinatzen du. Eta presionatu?
Bada, izugarri pozten nau, aitortzen dizut. Inork ez ditu maite butaka hutsak. Nik kantatzen dut aurrean niri entzuteko prest dagoen jendea dudalako, oso argi daukat. Bizitzaren opari bat da jendeari kantatu ahal izatea, zorionekoa sentitzen naiz horregatik eta, barrenak hustuz, kontzerturo saiatzen naiz esker ona adierazten. Azken bira honetarako ilusio handiak genituen baina ez genuen espero orain arte jasotakoa... esker ona baino ez daukat.