Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da eta, horren harira, bi ekimen antolatu ditu Galtzarri elkarteak. Hasteko, indarkeria matxistari ez! lelopean, elkarretaratzea egingo dute plazan, 19.00etan. Horren ondoren, 19:15ean, Martxan dokumentala proiektatuko dute Salatxo aretoan.
Dokumentala Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak ekoiztu du eta El Salvador, Guatemala eta Euskal Herriko hainbat emakume feministen ikuspuntutik mundu osoko emakumeek jasaten duten indarkeria matxisten inguruko hausnarketa egiten du. Proiekzioaren ondoren solasaldia izango da Euskal Herriko Bilgune Feministako kideekin.
Orioko Xaltxerak bueltan
2008-2009 inguruan sortu zen Orioko Xaltxerak. Aurretik, hainbat urtetan, martxoaren 8an eta azaroaren 25ean hainbat ekimen antolatzeko herriko zenbait emakume biltzen ziren. Pixkanaka, emakumeen zapalkuntzarekiko kezka zuten horiek taldea egituratu zuten.
Orain, Galtzarri elkartearen ekimena baliatuz, eta taldera elkartu daitezkeen kide berrien arnasaz, duela urte batzuk hasitako bideari berriz heltzeko nahiarekin datoz Xaltxerak. Horrenbestez, azaroaren 25eko ekimenetan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Horrez gain, Xaltxerak herriko emakume taldea biziberritzeko proiektuan parte hartzeko gonbita ere egiten dute.