Nolatan eman zenuen izena?
Udan ETB1eko kantugiro saioan aritu nintzen lanean. Banekien iraungitze data zuela, abuztuaren 31n bukatuko nuela lana. Momentu honetan banekien ez zela lanik etorriko. Tarte horretan, ETBn ibiltzen ginen atzera eta aurrera, eta kafe makinan jende dezente biltzen ginen, bata irratikoa, bestea telebistakoa...
Egun batean, atzean genuen kontrol gelan, zerbait berria grabatzen ari zirela ikusi nuen. Begiratu bezain pronto galdetu egin nuen. Kike Amonarrizek lehiaketa berri bat egin behar zuela esan zidaten. Ez nuen ezer ikusteko aukerarik eduki, baina 12.000 jartzen zuen panel bat ikusteko parada izan nuen. Sari polita zela banekien, behintzat. Langabezian geldituko nintzenez, izena eman behar nuela erabaki nuen.
Izena eman zenuenerako saioa ikusteko aukera izan al zenuen?
Bakarra ikusi ahal izan nuen. Ni joan nintzean lehen eguna bakarrik emititu zuten. Ezin izan nuen telebistan ikusi, entrenatzen bainegoen; hortaz, Nahieranen ikusi nuen. Kontua da Nahieranen proba baten zati bat besterik ez zutela jarri...
Grabatzera joan nintzenean, lehen saioa jada grabatzen hasi ziren; orduan sartu baino lehentxeago eduki nuen saioa ikusteko aukera.
Orain joaten denak, saioa telebistan ikusi eta gero, abantaila izango al du?
Garrantzia dauka horrek. Nik mila bider esaten dut zortea dudala saskibaloi entrenatzailea izateagatik. Aurkariaren eta lehiaketaren nondik norakoen informazioa baduzu, asko irabazten duzu. Oso abantailatsua da. Orduan, zu programara saioa kanpotik analizatuta joaten bazara, informazio asko lortzen duzu. Ni saioan nengoenean etxera joan eta berriz ere ikusten nuen programa, dinamika eta lehiakideak ezagutzeko.
Baina hori egin baino lehen zu zeu prestatu beharko zara...
Dudarik gabe. Saioan nahiko erraza zen antzematen zein joango zen kalera lehendabizi, bigarren probagatik, Euskal Herriko geografiaren inguruan galdetzen baitzuten.
Eta zuk geografia ikasi behar izan al duzu?
Zortea daukat lehendik dezente kontrolatzen nuelako. Batetik, interesa eduki dudalako, tragamapas bat izan naizelako; eta, bestalde, musikaren kontuagatik batetik bestera ibiltzea egokitu zaidalako. Hala ere, mapa konkretu bat erosi nuen oso ona iruditu zitzaidalako programari begira.
Dena den, ez zuen askorako balio izan, erosi eta pixka batera joan nintzelako. Baina tira, mapa horrek dagoeneko badu oinordekoa. Nik uste dut bereziki proba horretarako ikasi behar duzula, gainontzean oso zabala baita saioa, denetarik galdetzen dute.
Eta gai horien guztien artean badago kontrolatzen ez duzunik?
Bai, noski.
Eta kasu horretan, zer egiten duzu?
Saiatzen naiz ikusten zertaz galdetzen duten. Eta gehien galdetzen dituzten gai horien inguruko ahalik eta informazio gehien barneratzen ahalegintzen naiz. Baina hori ere zure aurka etor daiteke, gaizki ikasiz gero, ondoren duda egiten duzulako. Badakizu, baina ez zara gogoratzen. Eta nik, duda izan dudan ia guztietan, ez dut asmatu.
Urduritasunak ere eragingo du, ezta? Telebistan erraza dirudi, baina...
Ni egon naizen laugarren lehiaketa da hau eta kontua da probak ez direla etxean bezala ikusten. Hau da, etxetik proba baten galdera eta erantzunak ikusten dira, bakoitzaren argazki eta guzti; guk bakarrik erantzun posibleak ikusten genituen, besterik ez.
Honela etxekoak jolasteko gai dela ere sentituko du...
Noski. Normala da.
Zuk sartu eta berehala hartu zenion neurria saioari. Bigarren programan zakua eraman zenuen...
Enuen zortea izan, panel hori aurrerago tokatuko balitzait... Hasiera zen, hortaz, ez zegoen diru asko, 2.300 euro inguru zeuden. Baten faltan bi aldiz egon nintzen eta biren faltan beste pare bat aldiz. Amorrazioa ematen du horrek.
Hiru lau proba daude, hasierakoak, non ia guztia zure esku dagoen. Bikotekakoan bikotekideak lagundu behar dizu. Eta, trasmisioan zorte oso txarra ez badaukazu buruz burukoan zaude. Buruz burukoan zorteak badu garrantzia, %50 irabazi baita. Amaierakoa beste istorio bat da...
Guztira zenbat diru lortu duzu...
6.800, oso oker ez banago.
Eta ogasunak zenbat kentzen du?
%19,5. Sari potoloa eramanez gero, ez du asko inporta; min gehiago egiten du diru gutxi lortzen baduzu.
Esperientzia honetan, diru horrez gain, zer gehiago irabazi duzu?
Telebistak barrutik nola funtzionatzen duen, banakien. Baliagarria izan zait 50 ordu emisioan egoteko, ezagutzera emateko, jendea nirekin gelditzeko. Langabezian zaudenean eta esparru horretan lan egiten duzunean, hori duzu aldeko. Gainera, nik uste dut irudi nahiko ona eman dudala eta jendeak ere kaletik hori azpimarratu dit. Hortaz, horrekin gelditzen naiz.
Bestalde, asetasun pertsonala ere izan da horrenbeste saio irautea. Zerbait ikasi dudala frogatzeko balio dit: ez nituen oso nota onak ateratzen, baina ez nintzen horren ikasle txarra izango. Ikasitakoak ez ditut ahaztu.
Eta, primerako jendea ezagutzeko aukera ere izan dut: lan taldeko jendea, bereziki platoan egon dena, eta lehiakideak.
Nahiz eta aurkariak izan?
Bai. Urtzi eta biok konplizidade berezia genuen eta beste hirurekin ere oso harreman ona egin nuen. Gerora ere harremana mantentzen dut berekin. Eta, zuk ezin baduzu saria eraman, nahiago duzu beretako batek eramatea. 9-10 ordu dira grabatzen eta batzuekin konektatu egiten duzu.
Grabaketak ez dira zuzenean. Jokoan zaudetenean ere eteten al da grabaketa?
Bai, adibidez Kike galderaren batean trabatzen bada. Aurretik lehiaketetan egon nintzen, badakizu nola funtzionatzen duen eta ez zara arduratzen. Batzuei urduri jartzen zien horrek.
Saioko beteranoa zara. Beteranoa izateak ardura bat izan du zuretzat?
Lehiakide berriei galdera errazagoak egiten dizkiete, beteranoei zailagoak. Normala da. Berriak urduriago egongo dela suposatzen da. Beteranoekin harrapatzera joaten dira. Gogoan dut galdetu zidatela: Nola izena du Tin-Tinen txakurrak? Eta gero, Zein arrazatakoa da? Horrez gain, denbora asko badaramazu, galderen formulazioa ere aldatu egiten da. Luzeagoak izaten dira galderak, erantzuteko tarte txikiagoa izateko.
Baina ulertzen duzula diozu...
Bai, noski. Telebista da eta parte hartzaileak aldatzen joatea nahi duzu.
Orain, zuek, Boom saioan parte hartu nahi duzue, ezta?
Bai, lehiakide bat falta zaigu. Saio horretako parte hartzaile izatea oso zaila dela diote. Ezagutzen ditut bi kastingean amaieraraino iritsi direnak eta gero parte hartzeko aukeratu ez dituztenak. Sartzea omen da, hortaz, konplikatuena.