Garaipena kadete neskentzat eta porrota junior neskentzat

Karkara 2015ko aza. 18a, 09:44

57-33 egin zuten kadeteek Atletico San Sebastianen kontra, eta 46-40 juniorrek Ostadarren aurka. Infantil mutilek atsedenaldia izan zuten

Denetariko emaitzak egon dira Orioko saskibaloian pasaden asteburuan. Garaipen bat eta porrot bat izan zituzten herriko taldeek, kadete neskek eta junior neskek, hurrenez hurren.

Larunbat arratsaldean Lasarten jokatu zuten junior neskek, Ostadarren aurka, eta partida gogorra izan zuten. Euskal Ligan sartzeko ateak erdi irekita geratuko zitzaizkion partida irabazten zuenari. Lehia estua izan zen eta gogor jokatu zuten bi taldeek, baina azkenean 46-40 galdu zuten oriotarrek. Hala ere, helburua lortzeko aukera dute oraindik neskek. Hurrengo jardunaldian Cafes Aitona Askatuaken aurka jokatuko dute Zarautzen, azaroaren 21ean, 16:00etan.

Atletico San Sebastianen kontra jokatu zuten kadete neskek, eta 57-33 irabazi zuten. Lehen bi laurdenetan estu ibili ziren donostiarrak eta ez zuten abantaila handirik lortu. Atsedenaldiaren ondoren, aldiz, joko hobea erakutsi zuten oriotarrek eta aurkarien defentsa zigortu zuten. Datorren asteburuan faseko azken partida jokatuko dute; hurrengo fasean onenen artean egon nahi badute irabazi beharra daukate.

Infantil mutilek atsedena izan zuten pasaden asteburuan. Datorrenean Easoren aurka jokatuko dute, Donostian.

Lehen garaipena Leihoak taldearentzat

Lau jardunaldiren ostean, lehen garaipena lortu du behingoz Zarauzko Lehioak taldeak. Unai Eizagirre oriotarrak jokatzen duen taldeak La Gallofa & CO. talde kantabriarra mendean hartu zuen pasa den asteburuan. Partida gogorra izan zuten, atsedenaldian irabazten joan arren, kantabriarrek markagailua irauli baitzuten hirugarren laurdenean. Dena den, zarauztarrak berriz nagusitu ziren eta 78-70 egin zuten azkenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide