Parisko atentatuak gaitzesteko elkarretaratze isila egin da goizean

Karkara 2015ko aza. 16a, 14:03

Udalak deituta, elkarretaratze isila egin da gaur, azaroaren 16an, Herriko Plazan. Ekain Zubizarreta oriotarra Parisen bizi da. 

Ostiral gauean Parisen izandako atentatua gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko elkarretaratze isila deitu du gaur goizean Udalak. 12.00etan izan da bost minutuko elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Elkarretaratzearen deialdian adierazi dutenez, Orioko Udalak bete-betean gaitzesten ditu Parisen ostiralean izandako atentatu izugarriak eta une latz honetan, besarkada solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena bidali nahi die Parisko hiriari eta Frantziako herri osoari.

Ekain Zubizarreta oriotarra Parisen

Frantziako hiriburuan da Zubizarreta. Ostiral iluntzean etxean zen oriotarra, erdigunetik urrun. Etxean nengoen eta pare bat mezu jaso nituen. Ea ondo nengoen galdetzen zidaten, azaldu du. Lehen mezua arraroa egin zitzaion, baina bigarrenak galdera berbera egiten ziola ikusten arduratu egin zen. Telebista piztu eta gertatu zenaren berri izan zuen. Sinistu ezinda gelditu nintzen, aitortu du. Berak erdigunera joateko plana zuela esan du, baina gertatutakoa ikusita, etxean gelditu zela gaineratu du.

Atzo bi krisi egoerak harrapatu ninduten, gaineratu du eta azaldu du: Gizaseme batek hiru petardo lehertu zituen Republique plazan, orain kandelak eta jartzen dituzten tokian. Gu handik bi kilometrora geunden, iparraldean, terraza batean zerbait hartzen. Jendea gu geunden tokiraino joan zen korrika, izututa. Zerbitzariak esanda barrura sartu ginen guztiak.

Ondoren, alarma faltsua zela esan zieten. Eta, lasaitu egin ziren arren, Paris beldurrak hartu duela azaldu du. Jendea beldurtuta dago. Hemen egoteko egoera oso deserosoa da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide